"Herri hobea" eraikitzen jarraitzeko bide-orria aurkeztu du gobernu taldeak
Zazpi erronka eta 62 proiektu barnebiltzen dituen agintaldi plana aurkeztu du gaur gobernu taldeak, dozenaka herritar eta eragileren aurrean.
2023-2027 urteen artean bide-orria izango duen agintaldi plana aurkeztu du gaur arratsaldean gobernu taldeak. Agertokia estreinatu du horretarako, izan ere, datozen lau urteetan herriarentzat estrategikoak izango diren proiektuak Kultur eta Sormen Industrien Poloa izango den Agustinak eraikinean aurkeztu baititu.
Aurkezpenaren aurretik, hala nahi zuten herritarrak, eraikin berri eta berritzailea bisitatzeko aukera izan dute.
Harrera, Herri Arte Eskolako dantzariek egin diete bertaratu diren berrehun bat lagunei. Tartean, Errenteria-Oreretako kultura, hezkuntza, ekonomia, gizarte eta kirol munduko eragileak. Baita Oarsoaldeko herrietako alkate eta zinegotziak, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea, eta udalerriko politikagintzaren ordezkari historikoak, tartean Xabin Olaizola Herri Batasunako alkate 1979-1983 agintaldian, eta Adrian Lopez PSE-EEko alkatea 1998 eta 1999 urteen artean, edota Errenteriako Udalera aldaketa ekarri, eta Aizpea Otaegiri aginte makila pasa zion Julen Mendoza (EH Bildu). Podemoseko hainbat ordezkari ere izan dira gaurko aurkezpen horretan.
Aizpea Otaegi alkateak, eta Maite Gartzia (ELkarrekin Errenteria) eta Aitor Zorzano (EH Bildu) gobernukideek aletu dute plana. Helburu behinena, “hobeto bizitzea, eta gure sentituko dugun herri partekatu bat eraikitzea” Otaegik esan duenez, eta gaineratu, bi horiek, elkarren eskutik datozela. Horretarako baina, ezinbestekoa da baldintzak sortzea, “Elkarrekin osatzen dugun komunitatea, gure eguneroko elkarbizitza, ez da berez sortzen. Guztiontzako oinarrizko bizi baldintzak bermatzetik, komunitatearekiko atxikimendu edo pertenentzia sentitzera”.
Zazpi erronka nagusi: Herri zaintzaileagoa, berdinzaleagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa, jasangarriagoa, parte hartzaileagoa eta auzo biziagoak lortzea. Horiek datozen lau urteetarako agintaldi planean jasotako lan lerro nagusiak. Horiek erdiesteko, berriz, 62 proiektu. Aurkezpenean ez dituzte denak azaldu, 20 baino ez, “esanguratsuenak”. Besteak beste, Fini Rubio adinekoentzako egoitza berritzailea martxan jartzea, indarkeria matxistaren ardura izango duten agenteen figura sortzea udaltzaingoan, etxebizitza eskubidea bermatzeko politikak, Beraungo igerilekuetan urte osorako barruko kirol eremua sortzea, Barandiaran parkea eraikitzea, eta Galtzaraborda biziberritzeko plana aktibatzearen gainean mintzatu dira hirurak.
Eta zer egiten den garrantzitsua bada, hori bezain garrantzitsua da nola egiten den. Horretan sakondu du Otaegik, “zer egitea bezain garrantzitsua da, nola egin argi izatea. Orain arte bezala, bide hau, herritar eta eragileekin elkarlanean egin nahi dugu”. Elkarguneak ez direla faltako iragarri du alkateak Agustinak eraikinean bildutako dozenaka eta dozenaka herritar eta eragileen aurrean: “Gainera, agintaldi plana garatzeko, hiru ardatzetan oinarritu dugu gobernatzeko modua, gertutasunez lan egitea, eraginkorrak izatea, eta errealitatea eraldatzeko gaitasuna izatea”.