Gaur, final bat Lezon
Muxikatua I. Bertso Sariketaren finala jokatuko dute gaur gauean lau bertsolarik Txerrimuñon. Erabakia herritarrena da.
Final bat gaur Lezon. Handi horietakoa. Piztu Lezoren Muxikatua I. Bertso Musikatu Sariketaren hirugarren eta azken geltoki izango da 22:00etatik aurrera Txerrimuño. Bertsolariak, honakoak: Haizea Arana, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla eta Oihana Arana. Epaileak: herria, lezoarrak. Eta bertsolariek konplize izango dituzten musikariak Aner Euzkitze eta Libe Goenaga. Gaiak emateko arduradun, berriz, Amaia Resende. Hori menua.
Menutik kanpo, edo nork daki, postrearen tenorean, giroa. Bertsolaritza giroa. Izan ere, Piztu Lezok lehenengoz antolatu duen jardueraren asmoa izan baita Lezok berezko duen bertsolaritza gogoa elikatzea. Iniziatiba berria eta berritzailea izan da. Baina lezoarren erantzunean, bertsolaritzaren ikuspegitik, nobedade gutxi. Lezok, egun izen eta ospe handiko bertsolaririk ez izan arren, zaletasuna baitu. Ez al da bada publikoa bertsolaritzaren zati? Bada gaur, eta aurreko bi kanporaketetan, publikoa ikus-entzule eta epaile izan da aldi berean.
Lehen finalerdia hilaren 10ean izan zen jokoan Tiñelun. Bigarrena 17an Ibai Ondon. Lehenetik Ekhiñe Zapiain eta Oihana Arana atera ziren finalean izateko arnasarekin, bigarrenetik beste Arana eta Alcantarilla. Ostiral gau gozoak izan ziren. Gaur ere, ostiralarekin, aho zapore gustagarri horrekin irtengo dira herriguneko baserrian udazkeneko ilunabar batez bilduko direnak.