Lortutako eskubideak "mehatxupean" direla salatu du Podemos Euskadik
Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren aurkako Egunaren harira, adierazpena egin du Podemos Euskadik Errenteria-Oreretan.
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren aurkako Egunaren harira ondu duen manifestuaren irakurketa publikoa egin du gaur Podemos Euskadik Errenteria-Oreretan.
Emakumeen etxera bidean margotutako muralaren aurrean, udalerriko genealogia feministaren testigantza biltzen duen hormaren aurrean egin dute adierazpena Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak, Garbiñe Ruiz Podemos Euskadiko Feminismoen idazkaria eta Gasteizko Udaleko bozeramailea, Miren Etxebeste Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea, Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos IUko legebiltzarkidea, Maite Gartzia Errenteriako Kultura ziengotzia, eta Sabina Mendez Durangaldeko Zirkuluko bozeramaileak.
Kezka azaldu dute eta ezinegona iaz egindako aurrera urratsak kolokan daudela sinistuta baitaude, “lortutako eskubideetako asko mehatxupean daude. Genero indarkeria kontzeptua onartua zegoela uste genuenean, indarkeria matxistaren existentzia aitortu denean, terminologia horren ezabatze sistematikoa egiten ari dira ultra kontserbadorea den ideologiak agintzen duen tokietan. Zalantzan jartzen ari da biolentzia horien existentzia bera”.
Eskuinaren mezuarekin, parez pare errealitatea. Latz bezain egoskor. Izan ere, Podemos Euskadiko ordezkariek mahai gainean jarri dute ugaritu egin direla emakume, haur eta nerabeen aurkako biolentziak. Horren adierazle, hainbat datu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Ertzaintzak nolabaiteko zaintza ezartzen die indarkeria matxistaren biktima diren 5.616 emakumeri. Horietatik 39k, arrisku egoera larriagoan dira: 28 Bizkaian, 6 Gipuzkoan eta 5 Araban. Aurtengo urtarril eta irail artean emakumeen kontrako indarkeria matxista forma ezberdinen 4.879 delitu jaso ditu Ertzaintzak; %6,2 ugaritu dira. Gehien ugaritu dena denen artean, indarkeria sexuala izan da, eta horren barruan, eraso sexual larrienek %43 egin dute gora.
Datu gehiago ere eman dituzte gaurko agerraldian Podemos Euskadiko ordezkariek: Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emandako datuen arabera, indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak artatzeko Satevi zerbitzuak lehenengo seihilekoan erasoa pairatu duten 1.830 emakumeren deiak jaso ditu, “137 tratu txar sexualengatik izan dira. Gainera, jakinarazi du zerbitzu berak biktimek gauez egindako deiak ugaritu egiten dira oporretan, erasotzailearekin denbora gehiago eman behar izaten dutelako”.
Errekurtsoetan sakontzen eta zerbitzuak finantzatzen jarraitzera deitu du Podemos Euskadik. Ezinbestekoa da haren ustez gainera, biolentzia mota ezberdinak salatzea, errealitatea ikusaraztea, “bizi garen jendarte matxistak, biolentzia sinbolikoan errotuta baitago. Indarkeria mota ugari dago, hainbat modutan eragiten digutenak: bortxakeria instituzionala, sinbolikoa, psikologikoa, zein ahozkoa”.
Sustraietara jo beharra nabarmen jarri du “ezin dugu atzera pausu bakarra ere eman, ezinezkoa izango delako bestela ezabatu biolentatzen, erasotzen eta hiltzen gaituen sistema patriarkal kapitalista”.
Antolatutako ekintzekin bat egin du Podemos Euskadik azkenik, “militantzia guztia animatzen dugu horretara, mugimendu feministek deitutakoekin bat egitera, “soilik matxismoaren eta patriarkatuaren eguneroko oinarria zalantzan jarrita ahalko ditugu ezabatu indarkeria matxistak”.