Mari Domingiren errepublika magikoak lur hartu du Añabitarten
Musika nota galduaren ibilbidea eginda Mari Domingi eta bere lagunak bisitatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Mari Domingiren errepublika magikoa bisitatu eta gozatzeko aukera eskainiko du Orereta Ikastolak bigarrenez. Añabitarten, Musika nota galduaren ibilbidea eginez, mari Domingi eta bere lagunak bisitatzeko, gutuna emateko eta Mari Domingik berak prestatutako salda bero eta goxoa hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Ibilbidea 40-45 minutukoa da, eta Mari Domingiren etxea bihurtuko den Añabitarte baserria, eta haren inguruan dauden zelaiguneak iratxoz eta baratzezainak beteko dira, ostiral, asteburu eta jaiegunetan.
Orereta Ikastolak jakinarazi du, eguberri garaia gertu dela eta, Mari Domingik mendian urrun duen bizilekua aldi baterako utzi eta herritik gertuago dagoen etxe baten beharra adierazi ziola, “Añabitarte baserria eskaini diogu aste batzuetarako. Olentzerorik ez da izango gurean, badu bere etxea mendian, eta han egongo da hura”.
Mari Domingiren errepublika magikoan emakumea eta natura dira ardatz. Hala aldarrikatu du Orereta Ikastolak: “Olentzeroren ostean heldu da gurera Mari Domingi, eta haren itzalpean heldu da: haren emazte, laguntzaile edo lagun gisa. Olentzero behar izan du existitzeko”.
Horren aurrean pausua eman nahi izan duela gaineratu du Orereta Ikastolak, eta Mari Domingiri izaera propioa eman “berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe”.
Eguberrien izaera paganoan eta ospakizunak naturaren zikloarekin duen harremanean ere jarri nahi du azpimarra, “egiteko asko dagoenaren jakitun, bide horri ekarpena egin nahi dio Ikastolak egitasmo honekin”.
Abenduaren 1etik 17ra zabalik
Mari Domingiren errepublika magikoa abenduaren 1etik 17ra izango da zabalik, ostiral, asteburu eta jaiegunetan. Bertaratzeko, aldez aurretik hitzordua hartu behar da eta sarrera erosi. Hemen klik egin sarrera erosteko.
