Hamahiru aztergaiko udalbatzarra, lau moziorekin, bihar Lezon
Udal aurrekontuak onartzea eta UEMAn sartzea daude gaien zerrendaren barruan. 18:00etan hasiko da osoko bilkura.
Lezoko hamahiru zinegotziak udalbatzarrean bilduko dira bihar (asteazkena) 18:00etatik aurrera udaletxeko areto nagusian. Osotara hamahiru gai izango dituzte eztabaidatzeko, mamitsuak asko. Mozioen puntuan, beste lau gai izango dituzte hizpide, beste hainbeste mozio aurkeztu direlako.
Gairik nagusiena bigarrena izango da. 2024ko aurrekontuen proposamena onartzeko irizpenaren gainean arituko dira hautetsiak. 2024ko udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko puntuaren ondoren, herria Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko proposamena landuko dute. Seigarren gaia ere lezoarrentzat garrantzitsua: 2024ko ordenantza fiskalen behin betiko onarpena landuko dute.
Hamaikagarren puntua mozioena da. Lau daude. Bi PSE-EEk aurkeztutakoak dira: batek klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioa du ardatz; eta besteak herrian alokairuan dauden etxebizitzen prezioa handia delako, herria tenkatutako eremu izendatzea. Hirugarren mozioa Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu du: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin udalaren babesa bilatuko dute. Azken mozioa, EAJren udal taldeak defendatuko du: “Euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitarioaren” aldeko mozioa da.
Alkatearen eta udal eskumenekoak diren kudeaketa lanen kontu eman ondotik, galde eskeen txandak itxiko du udalbatzarra.