Ekialdebuseko lineak egokitu dituzte Oarso Bidasoan
Autobusak lehenago hasiko dira zerbitzua eskaintzen eta oraingo ordutegia baino geroago bukatuko dute. Bestalde, linea berri bat sortuko dute Hondarribiko aireportua eta Donostiako autobus geltokia lotuko dituena.
Aldundiko Mugikortasun Departamenduko Azahara Dominguez ordezkariak jakinarazi du autobus lineak egokitu dituztela Oarso Bidasoan. Emakida berria atera dute, 196,5 milioi eurokoa, eta hamar urterako baliogarria izango da. Bi eskualdeak, Gipuzkoan autobus erabiltzaile gehien dituenak dira, ia 9,5 milioi, hain zuzen ere.
Lizitazio berri honek aurreko legealdiaren bukaeran onartutakoa ordezkatuko du, eta berriarekin “hobekuntza garrantzitsuak” aurreikusi ditu aldundiak. Laburbilduz, bidaiari gehiago jasotzeko gaitasuna izango dute; orain arte 3.266 plaza eskaintzen ziren eta aurrerantzean 5.300 izango dira.
Berritasunak honako hauek dira:
- Gehienez ordu erdiko maiztasuna izango du bi eskualdeak Donostiarekin batzen dituen E26 autobusak. Orain artean goizeko 06:00etatik 08:00etara orduero eskaintzen zen, eta gero, ordu erdiro. Bada, orain, ordu erdiko maiztasuna egun osokoa izango da.
- Donostiako ospitaleko eta Miramongo langileen lan ordutegietara egokitu dute bertako linea. Eguneroko zerbitzua izango da.
- Berrantolatu egin dute Errenteria-Orereta eta Donostia arteko autobus zerbitzua, bidaien gainjartzeak saihesteko eta igarotze tartea homogeneizatzeko. Hala, Beraungo bizilagunek zerbitzu hobea izango dute.
- Eguneko zerbitzuak 05:00etan edo 05:30ean hasiko dira, eta 22:30ean edo 22:55an bukatu. Era horretan, autobus aldaketak erraztu nahi dituzte, erdigunean, Donostiako autobus geltokian, lanerako sartu irtenetan edota ikastetxeetan.
- Arestian aipatutako ordutegi luzapenarekin larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduko zerbitzua emango dela ziurtatu dute. Izan ere, eguneko zerbitzuak jarraipena izango du gauekoarekin.
- Autobus linea berria sortuko dute Hondarribiko aireportua, Donostia eta Donostiako autobus geltokia lotuko dituena. Aireportukoa ez da lehen parada izango aurrerantzean, eta bertaratuko diren autobusak maletak uzteko egokituta egongo dira. Era horretan, linea hori erabiliko dutenen beharrak asetuko dituztela azaldu du Pedreirak.