Gutxieneko pentsioak bermatzeko eskaera babestu du plenoak
EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak babestu zuten mozioa; EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen.
Pentsio duinen aldeko aldarria pleno aretora eraman zuen atzo arratsaldean Duintasuna elkarteak. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea eskatu zuen mozio horren bidez. Alderdi jeltzaleak mozio alternatiboa aurkeztu zuen, baina ez zuen aurrera egin ez zutelako jeltzaleek nahikoa babesa jaso. Duintasunak aurkeztutakoari, berriz, argi berdea eman zioten, EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak babestu baitzuten pentsiodunen eskaera.
Duintasuna elkarteko ordezkari batek hartu zuen hitza mozioa aurkezteko. Aretoa 1080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko aldarriz bete zuten, gainera, bertaratu ziren pentsiodunek.
Aurtengorako gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzeko eskatu zuten mozioan, “eskari hori Espainiako Estatuko Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zuzentzen diegu”. Horrekin batera, gutxieneko pentsioa eskatzen duten kopuruan finkatzen ez den bitartean —gaur egun 783 eurokoa da gutxieneko pentsioa— 1080 eurora arteko diru aldea osa dezatela hamalau ordainsaritan eskatu diete.
Eskaera hori “premia sozial larria” dela nabarmen jarri zuten, “erakunde publikoei baitagokie herritarrei bizi baldintza duinak bermatzea”. Genero arrakalari ere egin zioten aipamena Duintasunako kideek, izan ere asko-askotan salatu dute jada, pentsioetan ere genero arrakala dagoela, eta batez ere emakume alargunak direla pentsio eskasenak dituztenak.
Pentsioen eskuduntza Espainiako Estatuarena dela jakitun, Eusko Jaurlaritzak ez duela inongo oztopo judizialik horiek osatzeko esan zuten, “horregatik eskaera”. 1080 euro arterako pentsioen osaketak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2024rako aurreikusi den aurrekontuaren %2 suposatuko lukeela azaldu zuten, “benetan gorriak ikusten ari den gizartearen sektore baten beharra asetzera joango litzateke diru zati hori”. Datu gehiago eman zituen Duintasunaren ordezkariak, “gutxieneko pentsioa 601 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Bizitzaren kostuak zenbatean egin duen gora ikusita, gero eta gehiago dira bere beharretara egokituta dagoen etxebizitza osasungarria izateko zailtasunak dituztenak, elikadura egoki bat, krisi energetikoan bizi direnak, edo behar asetzeko zailtasunak dituztenak”.
Gaur gaurkoz EAEn 167.718 pentsiodunak dira 1.080 euro baino pentsio baxuagoak dituztenak, “gehienak emakumeak”. Erosmen ahalmenaren galera ere izan zuen hizpide eta datuak eman horren gainean ere, 2013 urtetik 2018ra pentsiodunek eros ahalmenaren %2,8 galdu dute; 2019tik 2022ra, %6 ko galera izan dute, “galera metatua, beraz, %8,2koa izan da. Irudika ezazue egun 783 euroko pentsio bati, %8,2 eros ahalmena galera ezartzea”.
Hilabete amaierara heltzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztela adinekoek esan zuen Duintasunako kideak atzoko hitzartzean, iluna oso panorama adinekoentzat: “Gutxieneko pentsioa duen pertsona batek, mendekotasun graduren bat onartuz gero aldundiak ematen dion laguntzarekin gaur gaurkoz ordu pare batez baino ezin du kontratatu artatuko duen pertsona bat. Hori gutxi balitz, Osakidetzatik jakinarazi digute, pertsona bakoitzari gehienez ere egunean bi fardel baino ez dizkiola preskribatuko. Zaintza gehiago behar duenak, beraz, bere pentsiotik ordaindu behar du, eta fardelekin, berdin”.
Lotsagarria. Hala definitu zuen egoera. Horren aurrean, adinekoek bi aukera baino ez dituztela gehitu zuen, “edo familiak hartzen du beregain zaintzaren kostua, edo erresidentzietara bidaltzen ditugu. Pandemia garaian, bakardaderik latzenean 1.400 pentsiodun eta jubilatu hil ziren erresidentzietara”.
Elkarrekin Errenteriako Yolanda Martinek babesa erakutsi zion Duintasunari bere alderdiaren izenean eta berretsi zuen elkarteak salatu duena enegarren aldiz, 1080 euro baino gutxiagoko pentsioekin “ezinezkoa dela” bizitza duinak bermatzea. Biharko greba feminista orokorraren harira, bizitza zaintza lanetan eman duten emakumeei aitortza egiteko baliatu zuen Martinek , “gure gizartean oinarrizko zeregina betetzen ari direnak eskubide sozioekonomikoak ez dituztenak, errekonozimendurik jasotzen ez dutenak. Mozio hau ere horren gainekoa da eta genero arrakalari aurre egiteko modua”.
Mozioarekin bat egitea, pentsio sistema publikoaren alde egitea dela erantsi zuen Elkarrekin Errenteriako ordezkariak. “EAEn nahikoa tresnak ditugu pentsioak osatu eta pentsiodunek bizi duina izan dezaten bermatzeko” .
EH Bilduk ere babestu zuen Duintasunaren mozioa. Eñaut Gracia zinegotziak hartu zuen hitza. koalizio subiranista beti lerratu dela pentsiodunen mugimenduarekin esan zuen Graciak, “izan kalean egiten dituzten elkarretaratzeetan, izan manifestazioetan, edo izan instituzioan aurkeztu dituzuen mozioak babestuta. Guretzat erreferenteak zarete eta subjektu kualifikatuak pentsioez hitz egiteko”.
Eusko Jaurlaritzari ez diotela esango zer egin behar duen “eskumenak-eskumen”, esango dutena Errenteria-Oreretan egiten dutena dela gaineratu zuen: “Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako Eusko Jaurlaritzak jartzen duen dirua bukatzen denean, udalak behar den diru zatia jartzen duela dauden eskari eta egoera guztiei erantzuteko. Herria egiteko modua delako”. Pentsio publikoak ongizatearen oin garrantzitsua direla nabarmen jarri zuen gainera, Graciak, “BEZaren parte garrantzitsua okupatzen dute, publikoak eta ekonomiaren zati handi bat dira eta hortik bakarrik uler daiteke historikoki jasan dituzten erasoak; horregatik egon dira beti funts putreen eta banketxe handien jomugan”.
Gutxieneko pentsioen eztabaidarekin batera, gizarte ereduaren gaineko eztabaida dago Duintasunaren mozioaren atzean Graciaren iritziz eta genero arrakalari ere egin zion aipamen, “greba batera deituta gaude zaintzen ekosisteman lan ordaindua duten emakume horiek nekez iristen direlako erdi mailako pentsio batera”.
Duintasunaren mozioaren alde egin zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak (11 boto); kontra PSE-EEk (6 boto), eta abstentzioa EAJ eta PPk (4 boto).