Aurrekontu proiektuaren kontra bozkatuko du Lezoko PSE-EEk
"Udalerriaren benetako beharrei bizkarra ematen dielako" udal gobernuaren proposamena baztertuko du Joxean Sanchezek.
“Udalerriaren benetako beharrei bizkarra ematen dielako”, Lezoko PSE-EEk udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren kontrako botoa emango du gaurko udalbatzarrean. Hala, proposamen horri osoko zuzenketa eta beste 27 partzial aurkeztu dizkiete sozialistek. “Aurkeztutako aurrekontuak ez du tokiko ekonomia sustatzen, ezta enplegua sortzea ere. Lezotarren babes soziala ere ez du areagotzen, bereziki behartsuenena”, esan dute. Gobernu taldeak martxoko aurrekontu-likidazioari begira zuzenketa horiek aztertzeko konpromisoa hartu du.
Xehetasunetan sartuta, Joxean Sanchez PSE-EEren zinegotziaren esanetan, herriko industrialdeak biziberritzeko eta mantentzeko partidak ez dira nahikoak, “ez daudelako”. Kritika kultur eta kirol esparruetara zabaldu du Sanchezek, “horiek dira aurrekontu hauen beste kaltetu handienetakoak”. Sanchezen iritziz, EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuak “herritarren parte-hartzerik gabe” egin dira, “eta ez dute ezer berririk eransten, proiektu ilusionagarririk. Eta historiako altuenak izan arren, udal zergak igo eta zorrik ez izan arren, jasotzen duen inbertsio garrantzitsu bakarra bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroarena da, PSE-EEren eta EAJren gobernuaren proiektua zena”.
PSE-EEren zuzenketa eskaeretako batzuk, honakoak:
- Zubitxo eta Arretxene kaleen artean igogailua eraikitzea.
- Euskal Herria parkean estaldura bat jartzea eta Altamiragaingo parkea berroneratzea.
- Nahi ez den bakardadea prebenitzeko programa bat eta gazteen emantzipazio plan bat egitea.
- Eskola-materiala erosteko laguntzak.
- Gizarte eta hezkuntza-arretako eta bazterkeriako partidak handitzea.
- Alokairurako laguntzak berreskuratzea.
- Enplegu Planaren partidaren gehikuntza, iraupen luzeko langabeengan eragina duena.
- EITak eta birgaitze-lanak egiteko laguntzak.
- Gaintzurizketako bidegorriaren eta Arraitokiko erabilera anitzeko eraikinaren proiektuak idaztea.
- Zubitxo eta inguruko garbitokiak berreskuratzea.
- Merkataritzarako kontsumorako bonuen kanpaina.