Duintasuna: "Lotsagarria da Iztietako anbulatorioaren egoera"
Batzarrera deitu du pentsiodunen elkarteak astelehenean, Iztietako anbulatorioak bizi duen egoerarekin kezkatuta.
Azken hilabetean areagotu egin da Iztieta anbulatorioaren gainean Duintasunak duen kezka. Hainbat herritarrek ere salatu dute bertan ematen ari diren murrizketak osasun zerbitzuaren okertzea etengabea eragiten ari direla. Horri begira, bilerara deitu du “presazkoa”, Duintasuna pentsiodunen elkarteak. Astelehenean, hilaren 4an egingo du, Reina aretoan 19:00etan hasita.
Anbulatorioaren egoeraren “larritasuna” erakusteko hainbat datu zabaldu dituzte pentsiodunek. Hala, berez dituen hamahiru sendagileetatik, bost baino ez direla aritu zerbitzua ematen anbulatorioan une batzuetan salatu du Duintasunak, “bost horiek, gainera, gainezka daude. Plantillak erretiroa hartu bezala, ez dituzte hutsik gelditu diren plazak bete”.
Beste datu bat. Ia ezinezkoa dela hitzordu presentziala eskatu sendagileekin salatu du pentsiodunen elkarteak, “ia ezinezkoa da, medikuek lepo dituzte agendak, ez dute hitzordu librerik. lanean ari diren administrazioko langileak gainera, ezin dituzte telefono deiak artatu, gaindituta daudelako. Iztietako administrazio langile batek lana utzi behar izan du, bildutako jende kopuru handiak eragindako estresarengatik”.
Larrialdiko zerbitzuak asteburuetan “lotsagarria” dela ere salatu dute, “egun batzuetan medikuak daude, beste batzuetan berriz ez. Astelehenetik ostiralera 17:00etan hasten da zerbitzu hori, baina ez da beti bermatzen. Asteburu batzuetan ez da larrialdi medikurik izan”.
Beraungo anbulatorioaren egoerarekin ere kezka azaldu dute.
Asteleheneko bilera horretara auzo elkarte guztiak deitu ditu Duintasunak, “baita gaiaren gaineko kezka duten herritar guztiak ere. Egoera aztertu eta herritarrek beharrezko ikusten dituzten mobilizazioak antolatzea da helburua”.