[Elkarrizketa] “Laneko zorua zein den jakiteko inbertsioak egin beharko lirateke”
Irati Lizeaga (Pasai Antxo, 1994) zientzia eta euskara uztartzen dituen Elhuyar fundazioko kide da. ‘Euskararen egoera Oarsoaldeko lan-munduan’ azterlana argitaratu du aurten.

Zein kezkak eraman zintuen ikerketa egitera? Aurrez, nolakoa iruditzen zitzaizun egoera?
Master bukaerako lan bat izan da, eta Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu sari banaketara aurkeztu nuen. Aurretik Oiartzungo plataforma sozioekonomiko handiek (Mercadona, Leroy Merlin, eta abar) herriko joan-etorrietan zein inpaktu zuten aztertu nuen, eta hortaz, hizkuntzan duten eragina ere. Orduan, nahiko murgilduta nengoen mundu honetan.
Behin eta berriro entzuten den gauza bat denez ez dugula lan munduan euskarak bizi duen egoera ezagutzen, masterrerako aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen.
Euskara osasuntsu al dago Oarsoaldeko lantoki eta enpresetan?
Hiru gauza esan behar ditut. Batetik, kontent nago 700 erantzun jaso nituelako galdetegia egin ondoren; baina, noski, lagin hori ez da nahikoa eskualde osoko euskararen egoera egun nolakoa den esateko. Hortaz gain, datu aitortuak dira. Esan nahi dut: norberaren pertzepzioaren araberako erantzunak jaso ditut, eta baliteke erantzunek errealitatearekin bat egiten ez dutela iruditzea, edo alderantziz. Gainera, batez ere emakumeen ikuspegia jaso dut, 500 erantzun baino gehiago emakumezkoenak baitziren.
Hiru alderdiak kontuan hartuta, titularrak ateratzea zaila da. Dena den, adibidez, langileen gaitasunari dagokionean langile euskaldunen presentzia nabaria da sektore guztietan, baina indartsuenen administrazio publiko eta zerbitzuen sektoreetan dago. Bestela, sortzen den kartelerian, errotulazioan, badago batez ere elebitan jartzeko txipa, eta batzuek euskara hutsean jartzen dute ere.
Erakunde pribatuetan, erronka nagusia barne komunikazioa da oro har. Horietan gaztelaniazko adierazpenak gehiago dira. Barne bileretan gaztelania gailentzen da ere bai. Hau da, laneko hizkuntza, nagusiki, gaztelania da. Dena den, bi hizkuntzak bizirik daude gaur egun sektore guztietan, eta enpresek langile euskaldunen presentzia baliatu beharko lukete haien estrategietarako.
Ondorio horretara iristeko, zein metodologia erabili dituzu?
Masterrari begira, bi alderditan banatu nuen lana: alde teorikoa eta praktikoa. Teorikoa elkarrizketetan oinarritu nuen. Harremanetan jarri nintzen Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara arduradunarekin, batez ere orain artean ikertutakoaren gaineko ikuspegia jasotzeko, administrazioaren aldetik batik bat. Oiartzungo Euskara teknikariarekin ere bildu nintzen. Gero, Elhuyarren duela 20 urteko Ola Plana baliatu nuen. Praktikoan, herritarrei begira, galdetegi bat zabaldu nuen Internet bidez. Sare sozialak baliatu nituen zabalpenerako, eta nagusiki herritarrek zabaldu zuten; ELA eta LAB sindikatuekin ere jarri nintzen harremanetan.
Zein aldagai aztertu dituzu?
Galdetegian hainbat galdera egin nituen: datu orokorrak (sexu generoa, adin tartea, enpresako langile kopurua), euskararen egoera (presentzia errotuluetan, kanpo harreman edo bileretan) eta hizkuntza jarrerak (hobetzeko estrategiak) jasotzera bideratutakoak. Azken horietan eskaini nituen aukeretako batzuk laneko bilerak euskaraz egitea, lankideekin euskaraz egitea, edo bezeroari lehen hitza euskaraz egitea izan ziren.
«Langile euskaldunen presentzia nabaria da sektore guztietan»
Elhuyarren 2003-2004 arteko Ola Plana abiapuntu, Oarsoaldeko lan-munduan azken 20 urtean euskararen egoera nola aldatu den aztertzeko aukera izan duzu. Ze ondorio atera duzu bertatik?
Duela 20 urte ez ziren estuki galdera berberak egin, baina orain galdetu ditudan gauza batzuk ageri dira. Errotulazioa nola egiten zen enpresetan, edo ahozko barne erabilera zein zen, adibidez. Ola Planean telefonozko ahozko harreraren inguruan galdetu zen, eta nik bezeroarekiko egungo harremanarekin parekatu dut aldagai hori.
Errotulazioaren kasuan, duela 20 urte %28koa zen euskarazkoa, eta orain %77koa da. Izugarri hazi da euskararen presentzia. Ahozko erabileran ere, hogei puntuan hazi da lantokietan euskararen presentzia. Badirudi barne harremanetan ere pixkana hobetzen ari dela. Logika dauka, gazteak euskaldunak direlako. Kanpora begira ere, bezeroarekiko harremanetan, euskararen erabilerak gora egin du. Alderaketa honek 20 urteko bilakaera ezagutzeko aukera eman dit, eta hobekuntza nabarmena dela esango nuke.
Lantokietako errotulazioa itzultzeko udalek egin duten ahaleginaz aritu zara. Nola eragin du ahalegin horrek?
Egia da errazena dela. Esan nahi dut, kartela behin aldatzea besterik ez da [barrez]. Gainera, enpresek laguntzak jasotzen dituzte horrelakoak egiteko, eta lehen pauso bezala oso ongi dago. Neurriak langileek egunero euskaraz idatzitako kartelak irakurtzea suposatzen du, eta euskara, modu batean edo bestean, eguneroko bizitzan sartu egiten da horrela. Nabarmendu nahi dut, COVID-19aren aurretik behintzat, Praktikak Euskaraz iniziatibak egin zuen lanketa. Horrek baldintza batzuk jarri zizkien gazteak jasoko zituzten enpresei, eta errotulazioa euskaraz egon behar zela baldintza horietako bat zen. Ikaslearen tutoreak euskalduna behar zuen ere bai.
Eskualdeko erakunde publiko eta pribatuetako lan egoera aztertzen ibili zara. Nola uztartu daitezke ondorioak kaleko eta etxe barruko egoerarekin?
Konparaketa hori egiteko bailarako udalerrietako kale erabilera datuak kontsultatu ditut. Batez beste, Oarsoaldean, euskararen kaleko erabilera %31koa da, eta lantokietako erabilera, jaso nituen datuen arabera, %39koa da. Orduan, kalekoarekin bat datorrela esan genezake. Kalean euskaraz egiten duenak, seguru aski lanean ere erabiliko duela. Batzuek agian ez, lan mundua erdalduntzailea delako, eta sistema erdaldun batean sartuz gero horrela integratuko zarelako agian. Baina datu horrek antzekotasunak ditu, beti ere kontuan hartuta nik ateratako emaitza eskualdeko egoeraren lagin mikro batetik lortutakoa dela.
«Errotulazioen kasuan, duela 20 urte %28 zen euskarazkoa; orain %77 da»
Pertsona euskaldun batentzat lantokia, azken batean, euskaraz egiten jarraitzeko eremu bat izan daiteke, edo erdalduntzailea; eta, aldiz, kanpoan euskara erabiltzen ez duen pertsona batentzat, lantokia euskara erabiltzeko toki bakarra izan daiteke. Lagunartean eta familia ez badituzu euskaldunak, baina lanean giro euskaldunean murgiltzeko aukera izaten bada, egunero euskaraz hitz egiteko aukera zabaltzen da.
Ikerketa egin bitartean, zein zailtasun nabaritu duzu gehien?
Zailtasun handiena ondorio nagusiak ateratzeko lagin txikiegia erabili dudala izan da. 700 erantzunek datu ikaragarri pila eskaini zizkidaten, galdetegia erantzun zuen pertsona bakoitzak galdera asko erantzun zituen, baina horrek ez du kentzen lagin txikiarekin lan egin dudanik. Nire ustez, gainera, zabalpena herritarrek egin dute batez ere. Seguru aski publiko euskaldun batera iristeko ahalmena izan dut bakarrik, nire publikoa delako. Gainera, erantzuterako garaian emakumeen inplikazioa nabaritu dut gehienbat. Egia da, batik bat, ikerketak jende euskaltzalearen erantzunak jaso dituela. Kontrako jarrerak falta dira ziur aski.
Bestela, ikerketa nire aisia denboran zehar egin behar izan dut. Masterra egin behar nuenez, ondo etorri zait aitzakia bezala, baina denbora librean egin izanak esan nahi du ez dagoela, une honetan behintzat, horrelako azterketak egiten ari denik, nik dakidala behintzat. Lanarekin uztartzeko zailtasunak izan ditut ere.
Anonimotasunaren alde egin dut. Jendeak zein enpresatan lan egiten zuen interesgarria iruditzen bazitzaidan ere, banekien anonimotasuna gorde ezean ez nituela hainbeste erantzun jasoko.
Etorkizuneko erronkei buruz, zer esango zenuke?
Udalek, baina baita enpresek ere, merkatua ezagutu behar dute. Lan mundua oso ezezaguna da. Lehen saio teorikoetan, elkarrizketetan, eskualdeko herrietako enpresa kopurua zenbaterainokoa zen jakitea oso zaila zela jaso nuen, eta hortik aurrera enpresetan sartzea ere ez zen erraza izan.
«Horrelako ikerketak sustatu beharko lirateke»
Anonimotasunarekin lotuta, erronka bat izan daiteke jaso ditudan datuak kokatzea. Oarsoaldeko irudi orokor bat jaso dut, baina ez dakit zein den industria enpresa edo tamainaren araberako egoera.
Ahal dela, horrelako ikerketak sustatu beharko lirateke, eta pertsona baten lana bihurtu. Norberak inguruan duen laneko zorua zein den jakiteko inbertsioak egin beharko lirateke, eta horrela benetako egoera zein den jaso, politikak eraginkorragoak garatzeko. Tamalez, oraintxe bertan ez dago horretarako baliabiderik.
Bestela, diskurtso aldaketa bat proposa daiteke. Oso ondo dago bezeroari begirako elementuetan euskara kontuan hartzea, baina diskurtsoa langile euskaldunei begira ere landu behar da, sektore guztietan.