[Bideoa eta argazkiak] Indar feministagatik, zaintza ziklo aldaketaren hasiera Lezon
Eragin nabarmena izan du Lezon atzoko Greba Feminista Orokorrak. Zaintza sistema publiko komunitarioa eskatu dute.
Ziklo aldaketa. Atzoko Greba Feminista Orokorrak hori ekarri du. Zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko aldarria egun osoz kalera atera zuten atzo lezoarrek, alegia, bizitza duinen aldeko aldarria. Atzokoa mugarri izatea nahi zuten, zaintzaren gaineko eztabaida atzoko egunaren aurretik, eta atzo bertan, jendartearen agendan sartzea nahi zuten. Eta Lezon behintzat hala izan zen. Egun euritsuan, zaintzaren alorrean ziklo aldaketa iristeko aurrera urrats handia izan zen atzokoa.
Euskal Herriko Mugimendu feministak deitutako mobilizazio egunean, Euskal Herriko «zaintza erregimena erabat asistentzialista eta familista» dela aldarrikatzeko izan zen. «Sinetsarazi digute familiak eta zehazki emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak». Esan dutenez, zaintza beharrak asetzeko gizarte zerbitzu publikoak «oso murritzak» dira, eta zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira. «Zaintza negozio bilakatu dute; azpikontratazioen bidez merkatu pribatuaren esku utzi dute, eta zerbitzuen langileon lan baldintzak prekarizatu dituzte». Greba orokorra «ezeren amaiera ez» dela gaineratu dute, eta lanean jarraituko dutela hitzeman dute «euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» lortu arte.
Ondokoak, atzo Lezon izandakoen argazkiak eta bideoak ikus daitezke. Goizeko informazio piketeek (oinez eta auto karabanaz), herrian zaintzan aritzen direnen aitortzarako tarteari lekua utzi zieten, tartean, herriko osasun zentroan izan zirelarik grebalariak bertako langileen lana aitortzeko. Bazkariaren ondoren, musikarako tartea izan zen Karlos Saldise plazan. Ondoren, Errenteria-Oreretako eskualdeko manifestaziora zutabe oso jendetsua joan zen. Horiek, esan bezala, ondoko argazki eta bideoetan. Horiek guztiak greba antolatzeko batzarreko kideek HITZAra bidalitakoak dira.
