[Erreportajea] Gazte taldeak, euskarari arnasa ematen
Gaur Oarsoarrak Sariak banatuko dituzte Oiartzungo Landetxen, 19:00etan. Kolektiboen atalean, Oarsoaldeko gazte talde euskaltzaleei egingo zaie aitortza euskararen alde egiten duten lanagatik.
Gaur 2023ko Oarsoarrak Euskararen Sariak banatuko dira Oiartzungo Landetxe eraikinean, 19:00etan. Norbanakoen atalean Antton Valverde abeslari oiartzuarrak jasoko du errekonozimendua. Kolektiboen sailean, aldiz, Oarsoaldeko gazte talde euskaltzaleentzat izango da saria. Oarsoarrak Euskararen Sariek euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten norbanako, elkarte, lantoki, erakunde edo taldeei egiten diete aitortza. Aurten, sariketaren epaimahaiak hala erabakita, Errenteria-Oreretako Oreretako Gazte Asanblada, Lezoko Piztu Lezo, Oiartzungo Biyurrienea, eta Pasaiako Antxoko Topagunea, Papineko Gazteria eta Trintxerpeko Korkoiburuak taldeak sarituko dituzte.
Sei taldeek beren herrian bideratzen dute jarduna, eta bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, bi ezaugarri komun dituzte: gazteengandik eta gazteentzako sortzen edo antolatzen duten jarduna euskaraz egiten dutela normaltasun osoz, eta euskararen aldeko parte aktiboa hartzen dutela beti. Hau da, euskaraz eta euskaratik sortutako elkarteak dira, eta berau sustatzeko ahalegin bizian dihardute, egunero.
Hizkuntzen kale erabilera
Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko udalerrien egoera soziolinguistikoaren azterketarako eta bertan euskararen biziberritzearen alde esku hartzeko bideen gaineko proiektuak gauzatzen ditu, metodo zientifikoak erabiliz. Garatzen dituen proiektuen artean, hizkuntzen kale erabileraren neurketak daude. Azken eguneraketa 2021ekoa da, eta Oarsoaldeko lau udalerrietako euskararen kale erabileraren datuak, oro har, kezkagarriak dira. Gipuzkoako euskararen kale erabilera %30,6an kokatzen da. Oiartzunek erraz gainditzen du zenbateko hori (%53,3) eta Lezo datu horietan dago (%30). Errenteria-Oreretako eta Pasaiako datuak, aldiz, apalagoak dira, %10,9 eta %19,1, hurrenez hurren.
Pasaian izan ezik, zenbatekoa sei puntutan igo delako, gainontzeko udalerrietako datuek nabarmen egin dute behera: Errenteria-Oreretan, lau puntu; Lezon, bi puntu; eta Oiartzunen, bost puntu.
Kezkagarrienak, hala ere, 15-24 urte bitarteko gazteei eragiten dizkieten datuak dira, udalerri bakoitzeko erabilera datuen batez bestekotik behera baitaude. Datuak kezkagarriak dira, bai, euskararen kale erabilera nabarmen jaitsi baita Oarsoaldean. Hala ere, Oarsoarrak Euskararen Sariek erakutsi dute etorkizuna badagoela, zeri heldu badagoela, lau udalerrietan euskara biziberritzeko lanean gogor ari diren gazte taldeak baitaude. Gaur jasoko dute aitortza hori Landetxen.
Adur Zubieta. Oreretako Gazte Asanblada.
«Gure asmoa da euskara indartzea gazteon inguruan»
Errekonozimendua jasotzea harridura izan da taldeko batzuentzat, baina harro gaude. Gure helburuetako bat den gauza baten gaineko aitortza jasotzeak esan nahi du helburu hori bete dugula. Harro eta pozik gaude. Guk helburuak finkatzen ditugu, eta horien artean euskara sustatzea dago. Gazteon artean gaztelaniak euskarak baino indar handiagoa du, eta gure xedea da euskarak pauso bat aurrera ematea.
Gure ekintza guztiak euskara hutsean dira, euskara da garrantzitsuena. Gure jarduera guztietan euskaraz egiten dugu. Euskal Herrikoak gara, euskaldunak, eta gure ama hizkuntza euskara da. Guretzako oso garrantzitsua da euskararen erabilera. Azken urte hauetan ikusi da euskara indarra galtzen ari dela, eta horren aurrean, gure asmoa da euskara indartzea gazteon inguruan.
Ainhoa Salaberria. Piztu Lezo.
«Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasa gara»
Oarsoarrak Saria egiten dugunaren ondorio eta errekonozimendua da. Guretzako ohorea da norbaitek aitortza hori ematea. Guk ez ditugu ekintzak antolatzen norbaitek aitor ditzan; baina ikusi dugu bide onetik goazela, lan handia dago atzetik.
Herria aktibatu eta biziberritu nahian sortu ginen 2014an. Gure jarduera gazteetatik sortzen da, baina ez dugu gazteetara mugatu nahi, herrira begirako ekintzak proposatzen ditugu beti, parranda girokoak eta kulturalak.
Ekintza guztiak euskaratik eta euskaraz dira, hori da gure ardatza, euskara da gure iparrorratza. Egiten ditugun ekintza guztiek euskara dute muinean, euskararekiko jarrera guztiz aktiboa dugu. Euskararena hautu kontzientea da, ez da ausaz gertatu. Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasa gara.
Beñat Felipe. Biyurrienea (Oiartzun).
«Gure ekintza guztiak euskaraz egiten ditugu, gure oinarrietan dugu»
Sorpresa izan da guretzako saria jasotzea, ez baitugu inoiz enfasi handiegirik egin euskara sustatzeko. Hala ere, Biyurrieneak bere izaeraren inguruko dekalogoak ditu, eta beti garrantzia handiena euskarari ematen diogu.
Guk ekintza guztiak euskaraz egiten ditugu, gure oinarrietan dugu idatzita. Dena euskaraz egiten badugu ere, ez genuen espero errekonozimendua, ez baitugu enfasi berezirik egiten euskarazko alternatibak eskaintzeko; guk horrela sentitzen dugulako antolatzen ditugu euskaraz. Asko poztu gaitu aitortzak, kanpoan ikusi da egiten duguna.
Euskaldunak garenez, alternatiba euskaldunak disfrutatzeko eremu euskaldunak sortu behar ditugu, antolatzen ditugun jarduera horiek euskaraz egiteko aukera edukitzeko eta gazteek herrian zer egina izateko.
Lide Olalde. Antxoko Topagunea.
«Helburua izan da euskararentzat arnasgune bat izatea»
Gazteak ikusezinak izaten gara herrietan, eta saria jasotzeak esan nahi du norbaitek ikusten gaituela. Askotan herritik etortzen ez den eskertza hori Oarsoarrak Sarietatik etorri da. Eskertuta gaude, ikusi dugu egiten dugunak baduela eragina.
Euskararen alde egitea ezberdina da testuinguruaren arabera. Antxo ez da herri euskalduna, eta guk euskaraz hitz egitea bada erresistentzia bat jartzea. Antxo bezalako herri batean aisia euskaraz izatea, euskararen alde zerbait egitea dela iruditzen zaigu. Euskara gure jardueren muinean dago, dena euskaraz egiten dugu.
Ekainean hamar urte beteko ditu Antxoko Topaguneak. Hasieratik helburu nagusia izan da euskararentzat arnasgune bat izatea, euskaratik eta herritik sortua. Herrian hutsune bat zegoen, eta hutsune hori bete dugu.
Liher de la Fuente. Papineko Gazteria (Antxo).
«Euskararen erabilera normalizatzen dugu, era naturalean»
Poza sentitu dugu errekonozimendua jasoko dugulako. Oarsoaldean ez genekien gure berri zutenik ere. Guk Antxon jarria dugu fokua, eta Antxotik harago ez dugu inoiz ezer egin. Hori dela eta, poza izan da jakitea Oarsoaldean ere entzuten dela zertan ibiltzen garen eta errekonozimendua jasotzea.
Ez dugu ezer zehatza egiten euskara bultzatzeko, ez dugu zerbait espresuki prestatzen euskararen sustapenerako. Uste dugu gauza horiek askotan kontrako efektua izaten dutela eta bilatzen denaren aurkakoa lortzen dela. Egiten duguna da euskararen erabilera gure barne komunikazioan eta antolakuntzan normalizatu, era naturalean. Ez da zerbait pentsatua.
Herria girotzeko eta herriari bizia emateko sortu ginen. Parranda giroko eta kultura eta kirol arloko ekintzak antolatzen ditugu.
Ane Perez. Trintxerpeko Korkoiburuak.
«Lanean jarraituko dugu herria euskalduntzeko»
Ez genuen espero saria jasotzea. Gure helburua herria sortu eta batzea da. Proiektua hain handia egin izana eta jendeak gu errekonozitzea pozgarria da. Horrelako proiektuetan zaila da jendea inplikatzea, eta oso pozik gaude, energia txute bat izan da.
Gure gazteei zuzendutako lanean eta euskara bultzatuz hasi ginen, behar bat antzeman genuelako Trintxerpen; baina egun, helburua da haur, gazte eta helduengan eragitea, familiak batzea eta guztion artean euskaraz ondo pasatzea. Euskara sustatzeaz gain, euskaraz ez dakien jende hori ere erakarri nahi dugu, euskara asko ez dakitenen parte hartzea ere bilatzen dugu.
Lanean jarraituko dugu herria euskalduntzeko eta gazteon artean euskara eta herri giroa zabaltzeko. Trintxerpetarrek gurekin duten jarrera ere eskertzen dugu, taldea herri guztiarena da.