[Bideoa eta argazkiak] Antton eta gazteak, Landetxen
Atzo eman zituzten Oarsoarrak Euskararen Sariak Oiartzungo Landetxen. Antton Valverdek eta eskualdeko gazte taldeek jaso zituzten.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/12/oarsoarrak-nagusia.jpg)
Aurrez jakina zen Antton Valverde abeslariak eta Oarsoaldeko gazte euskaltzale taldeek jasoko zituztela 2023ko Oarsoarrak Sariak. Musikariak norbanakoena egin zuen bere, taldeek kolektiboena jaso zuten. Baina uneen, momentuen garrantzia nabarmen gelditu zen atzo Oiartzungo Landetxen. Izan ere, gertatuko direnen gidoiak jakin arren, bizitzan behin gertatuko diren horien garrantzia nabarmen gelditu zen atzokoan. Sariak eman zizkieten, eta emozioa Oiartzungo areto berriko atmosferan dantzan izan zen. Emozioa ez zegoen gidoiaren barruan.
Naroa Iturrik eta Mirari Martiarenak, bakoitzak bere estiloarekin, gidatu zuten saioa. Landetxeko besaulkietan oiartzuarrak batik bat, baina baita eskualdeko beste herrietatik etorritakoak ere. Ordezkaritza politiko zabala, eskualdeko lau herrietako udaletako hautetsi eta zinegotzi askorekin, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariarekin. Kukai Dantzako Alain Mayaren saioak egin zien lehen harrera den-denei, elegante dantzan.
Lehen hitzak anfitrioiarenak izan ziren, Joana Mendiburu Oiartzungo alkatearenak. Atzokoa egun berezia izan zela aipatu zuen, hiru arrazoirengatik: batetik, 1936an fusilatu zuten Hipolito Berasategiren gorpuzkia 87 urteren ondoren haren alaba Pepiri itzultzeko bidean Aranzadi Zientzia Elkarteari eman zizkiotelako (asteburuan emango dizkiote Pepiri); bestetik, Mikel Laboa hil zela 15 urte bete ziren atzokoan. Hirugarrenik, Euskararen Eguneko ospakizunen barruan, Oarsoarrak Sarien banaketa Oiartzunen zelako. Zailtasunak-zailtasun, euskaraz bizitzeko ahaleginean jarraitu behar dela adierazi zuen, “horren alde ari gara lanean kalean, lantokietan, ikastetxe eta unibertsitateetan, eta baita administrazioetan ere, euskarak eremu guztietan egon behar duelako fresko eta natural. Zorionak egunero-egunero euskararen alde egiten duzuen lanagatik”.
Sari emateen txanda iritsi zen ondoren. Oarsoarrak Sarien muinean dago euskararen alde edo euskaratik egiten direnak saritzea, jarrera, jarduera eta bizitzeko era horien atzean daudenei izen-abizenak jartzea, eta lehen lerrora ekartzea. Horregatik izan dira sarituak aurtengoan Antton Valverde euskal musikagintzari ekarpen izugarri handia egin dion abeslaria, eta eskualdeko gazte taldeak: Antxoko Topagunea, Antxoko Papineko Gazteria, Trintxerpeko Korkoiburuak, Oreretako Gazte Asanblada, Piztu Lezo, eta Oiartzungo Biyurrienea.
Valverdek saria iazko irabazlearen eskutik jaso zuen, Hilario Arbelaitz sukaldariaren eskutik. Gazteei ere iazko saridun batek, Xixilio Maritxalar oreretarrak, eman zizkien oroigarriak. Behin saria eskuan, Valverdek bere Oiartzungo haurtzaroa oroitarazi zuen, eta nola ezagutu zuen Xabier Lete, bere bizitza markatuko duen laguna, euskal kulturan arrasto sakona utzi zuen bikote bihurtu zena. Haren Oiartzungo etxean kulturarekin lotutako pertsonen joan-etorria ia etenik gabekoa zela aipatu zuen, “Oiartzungo oroitzapen oso onak dauzkat”. Eskerrak eman zituen, bihotzez saria jasotzeagatik. “Oso kontent nago. Eskerrak eman nahi dizkizuet bihotzez”. Ondoren, Valverdek hobekien dakien bezala, pianoaren atzean jarri, eta kanta bat eskaini zien bertaratutakoei.
Antton Valverderen hizketaldi osoa entzuteko sakatu hemen (audio artxiboa da).
Valverderen aurretik jaso zuten eskualdeko gazteen taldeek euren saria. Gazte asko Landetxeko oholtzan. Gustura, pozik aitortza jaso zutelako. Hitza, Biyurrieneako kideek hartu zuten. Mikel Laboari estu lotutako mezua zabaldu zuten.
Biyurrieneakoen hizketaldi osoa entzuteko sakatu hemen (audio artxiboa da).
Horien ondoren, Oskarbi talde historikoak bi kantako emanaldia eskaini zuen. Lehena Antton Valverderekin, bigarrena haiena. Jarraian dauden bideo eta argazkietan, atzoko ekitaldiaren testigantza grafikoa.
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370271648_684fd20fd7.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370534135_11a5dba35b.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53369177827_89ec3ab0ba.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370080096_c501cb1ecd.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370080091_b03d8c8dcc.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370533950_90faabed20.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370080046_d52e8e6acf.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370271383_1dfcd6f473.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370394404_aa255db6b9.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53369177582_c97f5a86d0.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370079971_38c5a7809b.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370394304_9c329a7be8.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370394299_3b74dd93a7.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370271128_e5c13f88ca.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370533710_aa38829ed8.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370394159_d588fa9fa7.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370533675_80ca221f92.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53369177362_9010b2c241.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370533555_3e80d8cbfb.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370079751_7317807105.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370079736_8134fe7318.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370079656_fa0d6a1b40.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370079666_e62f8ae4f3.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370393949_c0ec61df38.jpg)
![Oarsoarrak Euskararen Sariak 2023, Landetxen (2023-12-01)](https://live.staticflickr.com/65535/53370270943_931a697569.jpg)