Hipolito Berasategiren hezurrak eman dizkiote Aranzadiri
Berasategiren hezurrak identifikatu zituzten pasa den astean, eta udalak eta Katin Txikik zientzia elkarteari eman dizkiote, alabari emateko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak frankismoaren hiru errepresaliaturen gorpuak identifikatu zituen. Tartean, Hipolito Berasategi Alcalde donostiarrarena. Oiartzungo herriak “konpromisoz eta maitasun handiz” —udalaren hitzak dira— gorde duen gorpuzkietako bat da Berasategirena.
Pasa den ostiral arratsaldean, sinbolikotik asko izan zuen ekitaldian, Joana Mendiburu alkateak eta Kattin Txikiko Joxan Mitxelena eta Ramon Gaztelumendik Aranzadiri eman zizkioten Berasategiren gorpuzkiak. Era berean, datorren larunbatean, haiek Berasategiren alaba Pepiri helaraziko dizkiote hezurrak. Urtebete besterik ez zuen Pepi Berasategik aita fusilatu zutenean. 87 urte pasa ditu aitaren bila.
1977tik gordetako gorpuetako bat identifikatzea lortu zela jakitean bi emozio gailendu zitzaizkiela esan zuten Mendiburuk eta Gaztelumendik. Horrela laburbildu zuten: “Poza eta hunkidura, bizi osoa aitaren bila pasa duen alabak azkenik topatu duelako eta behar den bezala lurperatzeko aukera izango duelako””.
Gaineratu zutenez, “hizki larriz idatzitako harrotasuna” sentitzen zutela ere aitortu zuten. “Herri bezala jakin dugu memoria historikoari behar duen garrantzia ematen, urtez urte desagertutako pertsonak bilatzen, urtez urte beraien hezurrak zaintzen, haien oroimena gorde eta zabaltzen eta gure esku dagoen neurrian senitartekoak oraindik desagertuta dituzten familiei non dauden aurkitzen laguntzen”.
Udalak espero du “zauria itxiko” dela berasategitarrenean, eta poztuko liratekeela beste gorpuzki batzuk identifikatuko balira ere. 27 daude oraindik nortasunik gabe, identifikatzeko zain.
Ehundik gora fusilatu herrian
Briviescan (Burgos, Espainia) jaio zen Berasategi. Donostian bizi zen eta 1936ko urrian atxilotu zuten. Egunero-egunero joaten zitzaion emaztea Ondarretako espetxera arropa eta janaria eramatera. Azaroaren 7ko bisitan libre utzi zutela esan zioten poliziek baina Hipolito ez zen etxera itzuli. Orain jakin dute Oiartzunen fusilatu zutela; uste zuten Hernanin fusilatu zutela.
Izan ere, Hernani eta Oiartzun dira Gipuzkoan pertsona gehien fusilatu zituzten herriak. Ehundik gora lagun hil zituzten Oiartzunen, tartean bi zinegotzi.
Udalak gogorarazi duenez, horietako asko identifikatzeke daude: “Asko kanposantuko hormaren kontra fusilatu zituzten. Beste asko Iragorriko hilerrian. Trabajadoreen batailoiak ere egon ziren Arritxulo edo Babilonian, eta gutxienez zazpi trabajadore fusilatu zituztela uste da. Horien hezurrak ere hilerrian egon daitezke identifikatzeke. Urte luzez aritu dira Oiartzungo hainbat eragile, herritar eta udala bide bazterrean zeuden gorpuak eta haien duintasuna erreskatatzen”.
Ibilbide luzea
Memoria historikoan lanketa handia egin du Oiartzunek. 1977an hilobi monumentua eraiki zen, udalak hala eskatuta, eta 2005ean Kattin Txiki elkartea sortu zuten. Hainbat ekitaldi eta aitortza egin dira ordutik.
2021ean Kattin Txiki eta udalaren ekimenez, hilobian gordeta zeuden hezurrak katalogatzeko proiektua martxan jarri zen, bertan dauden gorpuak identifikatzeko saiakera berria egiteko. Izan ere, oraindik, oiartzuar familia asko daudela euren senitarteko errepresaliatuak non dauden jakin gabe.
Horretarako, Aranzadirekin jarri ziren harremanetan eta lan horretan ibili da elkartea azken bi urteetan. Prozesu konplikatua eta zaila izan da hainbeste urte dituzten hezurretatik DNA ateratzea. Biktimetako bati, behintzat, izen-abizenak jarri dizkiote.