Nafarroa konkistatu dute Oiartzungo emakumeek
Hasiera txarraren ondoren, nagusitasunez irabazi dute oiartzuarrek Mutilveraren zelaian. Areto futboleko taldea, are liderrago.
Nafarroako Eguna zen atzo, abenduak 3, baina Mutilverako emakumeek ez zuten ezer ospatzeko izan. Akaso, gol bat. Oiartzunen bisita jaso zuten larunbatean, eta nafarrak hobeto atera ziren zelaira.
Markagailuan aurreratzea lortu zuten, jarrera gogotsuaren sari gisa. Oiartzuarrak esnatu, eta nagusituz joan ziren. Aldageletara joan aurretik lortu zuten berdintzea.
Bigarren zatian nafarrek maila jaitsi zuten, eta oiartzuarren bakarrizketa izan zen: beste hiru gol gehiago lortu zituzten. Iraiak, Lizasok —bi— eta Nahiak sartu zituzten golak.
Nafarroa konkistatu, eta hiru puntu ekarri zituzten oiartzuarrek Aranguren ibarretik. Hirugarren postuan jarraituko dute beste astebetez. Hiru puntura dute Burgos, eta haien bisita jasoko dute datorren asteburuan.
Gizonen partidari dagokionez, ongi hasi zuten partida, baina akats asko egin zituzten: penaltia huts egitera iritsi ziren. Lur jota geratu ziren, eta 15 minutu oso kaskar izan zituzten, Zarautzen bi gol jasota.
Oiartzuarrek atsedenaldia iritsi baino lehen murriztu zuten aldea. Bigarren zatia parekatua izan zen, eta oiartzuarrek bigarren gola sartzea lortu zuten, bigarren sailkatuaren kontra berdinketa lortuta.
Areto futbolean, berririk ez
Areto futbolari dagokionez, zaharrak berri: bi taldeek garaipena lortu dute asteburuan. Lehen Mailakoek Tolosan jokatu zuten, kategoriako izenik luzeena duen taldearen kontra: Mele Mele Samaniego – Orixe Tolosala Teep. Huts egindako bi aukera garbirekin hasi zen partida, baina tolosarrak izan ziren aurreratu zirenak, kontraeraso batean.
Oiartzuarrek ez zuten bururik makurtu, eta atsedenaldia baino hiru gol sartu zituzten. Aldageletatik bueltan, beste hiru. Tinko jarraitzen dute sailkapeneko lehen postuan.
Bigarren Mailan, Miren Tabernak aukera asko sortu zituen lehen zatian, eta horietako bik sareetan bukatu zuten. Bigarren zatiaren beste bi gol sartu zituzten oiartzuarrek… baina partida ez zen erabaki.
Eskoriatzarrek ongi erreakzionatu zuten, eta hiru gol sartu zituzten bata bestearen atzetik. Hala ere, partida bukatzeko minutua falta zela, oiartzuarrek bosgarrena sartu zuten eta arnasa hartu ahal izan zuten. Bigarren jarraitzen dute sailkapenean.
Emakumeen 3. RFEF Maila
- Mutilvera — Oiartzun: 1-4.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila
- Oiartzun — Zarautz: 2-2.
Emakumeen Euskal Liga
- Erandioko Betiko Neskak — Oiartzun B: 3-1.
Gizonen Lehen Erregionala
- San Marcial— Oiartzun B: 0-1.
Emakumeen Ohorezko Erregional Maila
- Lagun Onak — Oiartzun C: 3-0.
Mutilen Gazte Mailako Euskal Liga
- Ariznabarra — Oiartzun: 1-2.
Mutilen Gazte Mailako Gorengo Maila
- Oiartzun B — Urnieta: 2-1.
Mutilen Gazte Mailako Lehen Maila
- Oiartzun C — Dunboa Eguzki: 3-0.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Mele Mele Samaniego – Orixe Tolosala Teep — Oiartzun: 1-6.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Taberna OKE — Eskoriatza: 5-3.