Sarek egitaraua aurkeztu du, Gabonetan ere "konponbidearen giltzak" izateko
Sarek kanpaina abiatu zuen duela aste batzuk, presoak etxeratzeko eskakizuna hedatzeko. Bost deialdi egin dituzte Gabonetarako.
Sarek dinamika berria jarri du martxan: Konponbiderako Giltzak. “Konponbideari” ateak ireki nahi dizkio Sarek, eta iragana betikotzen dituztenak betiko ixteko.
Euskal presoen salbuespen egoerarekin bukatu nahi dute, eta etxeratzeko bidea urratu.
Ildo horretan, Oiartzungo Sarek hainbat deialdi egin ditu Gabonen bueltarako. Lehenengoa hilaren 23an izango da, Martuteneko espetxetik aterako den manifestazioarekin. Donostiako presondegian daude Juan Manuel Inziarte Buto eta Joanes Larretxea.
Azken deialdia urtarrilaren 13koa izango da. Bilbon manifestazioa egingo dute. Tartean, beste hiru ekitaldi izango dira Oiartzunen.
Egitaraua
- Hilak 23, larunbata, 12:00etan: Manifestazioa, Martuteneko espetxetik.
- Hilak 24, igandea, 16:00etan: Etxera kantu jira, auzoetan zehar. Done Eztebe Plazan bukatuko da.
- Hilak 31, igandea
- Goizean: Etxera herri lasterketa. 10:30ean hasiko da haurrena Done Eztebe plazatik abiatuta, eta helduena, berriz, 11:00etan. Izena eman daiteke Herrikrosan, eta honakoa izango da ibilbidea.
- 19:00etan: Kopla zaharren kantu jira, plazan.
- Urtarrilak 13, larunbata: Bilboko manifestaziora joateko deia. Autobusean joateko txartelak laster salgai jarriko dituztela jakinarazi dute, “ohiko tokietan”.
