Yoga eta artea eskutik, naturaren zaintza sustatzeko

Haurrei begirakoa da YogArt tailerra, zehazki 6-10 urte artekoei zuzendua. Urtarrilaren 2tik 5era izango da Lekuona Fabrikan.

Haur eta nerabeekin lan egiten duten hezitzaileei begirakoa da saioa. Saioak 6-10 urte arteko haurrei zuzenduta daude.

YogArt tailerrak antolatu ditu Errenteriako Udalak haurrei begira urtarrila hasieran. Zehazki, 6-10 urte arteko haurrei begirakoak dira eta Lekuona Fabrikan egingo dituzte urtarrilaren 2tik 5era bitartean. Naturaren elementuak oinarri –ura, lurra, sua eta airea– sortutako giza arkitektura ezagutu eta esperimentatzeko aukera izango dute parte hartzen duten haurrek. Hiru orduko lau saio izango dira, horietako bakoitza elementu bati lotutakoa,

Judith Blazquezek gidatuko ditu tailerrak eta 10:00etatik 13:00etara egingo dituzte. Izen ematea, hilaren 14an –osteguna– 12:00etan zabalduko dute. (Egin klik hemen izena emateko)

Hiru ataletan egituratuko dute saio bakoitza. Lehenik, istorio bat kontatuko dute yoga teknika ezberdinak baliatuta –asana, pranayama, mudrak, mantrak, meditazioa–. Saio bakoitzean, txakra edo energia zirkulu bat hartuko dute kontuan, hura osatzen duten balio eta ezaugarriak ezagutzeko.

Yantra marrazketa egingo dute ondoren. Txakren ikurrak dira yantrak, Hainbat arte plastikoren bidez irudikatuko dituzte dagozkien elementu naturaletan, geometrian, eta koloreetan oinarrituta. Azkenik, arkitektura eszenikoa landuko dute. Horretarako irudi estatiko eta mugimenduan daudenen bidez  ipuinetako pertsonaiak bizi diren tokietara joango dira. Txakra bakoitzarekin zerikusia duten elementu naturaletan eta forma geometrikoetan oinarrituta istorioetako eszenak birsortuko dituzte, pertsonai nagusien etxea eta komunitatea eraikiz.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.