Etxebizitza sindikatua jendaurrean aurkeztuko du Kontseilu Sozialistak
Aurkezpena hilaren 14an izango da, 18:30ean Reina aretoan
Etxebizitza sindikatuak Errenteria-Oreretako lousada kaleko etxebizitzen inguruan egindako salaketaren irudi bat. Oarsoaldeako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatuaren jendaurreko aurkezpena egingo du etzi, osteguna. Reina aretoan izango da aurkezpen hori, 18:30ean hasita. Etxegabetzeen aurrean, antolatu eta borrokatzeko deia zabaldu du sindikatuak.
Joan den martxoan sortu zuten sindikatua. Kontseiluko kideen arabera, eremu horretan ematen diren gatazka ezberdinen aurrean antolatzeko tresna izatea du helburu etxebizitza sindikatuak martxoan sortu zutenean zabaldu zuten idatziaren arabera. Ordutik etxebizitzarekin lotutako hainbat aferetan esku hartu du sindikatuak, salaketa lana egiteko. Horien artean, Errenteria-Oreretako Lousada kaleko alokairuzko etxebizitza sozialen “kalitate eskasa” eta “gehiegizko tasak” salatu zituen sindikatuak hainbat bizilagunekin batera martxoan bertan; Pasaia Antxoko Eskalantegi 45 atariko bizilagunen “miseria egoera” salatu zuten, halaber, pasa den ekainean. Bertako bizilagunek hiru hilabetean 1.000 eurotik gorako gas fakturak ordaindu zituztela salatu zuen Etxebizitza sindikatuak. Horrez gain, komunitateko erabakietan boto bidezko parte hartzea ere ukatu dietela, “alokairuko estatusagatik”. Alokabideri “axolagabetasuna” erakustea egotzi zion orduan. Gehiegizko prezioak, baldintza txarrak eta Alokabideren kudeaketa negargarria eta axolagabea direla salatu zuen.
Ostegunean, martxoan xume egin zuten aurkezpena, jende aurrera eraman eta taldearen egitekoa lehen eskutik azalduko dute.
