Herriko establezimenduei esker on mezua Institututik
Lezo Institutuko DBH4ko ikasleek esker on sentikorra helarazi diete herriko merkatariei, zozketarako saskiak osatzeko emandako laguntzagatik.
«Eskerrik asko, zinez. Lezoko establezimenduak sekulakoak zarete. Laguntza handia eman diguzue». Aurreko esker mezua Lezo Institutuko DBH4ko ikasleena da. Izan ere, ikasturte bukaerako bidaia ordaindu ahal izateko bi saskiren zozketa abiatu dute, eta saski horietako produktu edo eskaintza den-denak herriko dendariek, ostalariek edo zerbitzu establezimenduek emanak izan dira. «Eskerrik asko, benetan», berretsi dute ikasleek.
Aurreko urteetan DBH4koen ikas bidaiaren gastuak arintzeko saskien zozketak ere egin izan zirela kontatu dute Institutuko ikasleek, baina kanpotik erositako saskiak zirela gehienetan. «Aurten Lezoko establezimenduetara laguntza bila joan gara saskiko produktuak eskuratzeko. Erantzuna aparta izan da». Hala, hasiera batean 1.000 zenbakiko sorta atera zuten ikasleek, baina hain deigarriak ziren saskiak, horiek berehala saldu eta beste 1.000 atera zituztela saltzeko, «gutxi batzuk falta dira saltzeko, beraz, erne!», ohartarazi dute ikasleek.
Zozketa, eta sari ematea
Sarien zozketa larunbateko (hilak 16) ONCEren azken hiru zenbakiekin egingo dute. Saridunei, berriz, igandeko San Tomas jaian emango dizkiete saskiak. Hala, dei irmoa egin dute ikasleek: herritarrek herriko komertzioetan egin ditzatela erosketak, behar denean, beti laguntzeko prest daudelako. Lagundu dutenen zerrenda ikusteko ikusi beheko irudia.

