360 erantzun jaso ditu Lezoko Udalak
Azaroan herritarren kezka, behar eta desioak jasotzeko inkesta egin du Lezoko Udalak. Erantzunak herriaren kudeaketa lana hobetzeko baliatuko ditu.
Gobernu taldeak lezoarren kezkak, zalantzak eta desioak zein diren jakin nahi du. Horretarako azaroan zehar haien ahotsaren bila joan da, inkesta baten bidez. Gehienak telefonoz egin dira, eta bizilagunei oro har herriaz, udalaren kudeaketaz, eta hurrengo urteetara begirako egitasmoez galdetu zaie. 360 erantzun jaso ditu udalak. “Azterketa honek lezoarren beharrak eta nahiak hobeto ezagutzen lagunduko digu. Guretzat hori ezinbestekoa da garatu beharreko politikak definitzeko garaian”, zehaztu du Mikel Arruti alkateak. Agintariak iragarri du agintaldi bukaeran berriz ere egingo dutela gisa horretako iritzien prospekzioa, “iritzien bilakaera aztertzeko”.
Iritzi emaileen artean %50,8 emakumeak izan dira, %48,9 gizonak eta %0,3 ez binarioak. Gehienak (%40) 45-64 adin tartekoak izan dira, eta segidan 56 urtetik gorakoak (%23,9), nahiz 30-44 tartekoak (%22,8). Gazteenak (10-29) %13,3 izan dira. Galdetegien %58 gaztelaniaz erantzun dira, eta %42 euskaraz.
