Agintaldi planak "anbizio eta zehaztasun falta" dituela dio PSE-EEk
Herriarentzat "esanguratsu" diren proiektuekin "konpromisorik" ez duela agintaldi planak uste du alderdi sozialistak.
Agintaldi planaren balorazioa egin du PSE-EEk gaur goizean egindako agerraldi bidez. Isaac Palencia bozeramaile sozialista gogor mintzo da “anbizio eta zehaztasun” falta egotziz EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak datozen lau urteetarako ondutako bide orriari. Almudena dela Torre eta Iñaki Ruiz zinegotzi sozialistak ondoan izan ditu gaurko agerraldian Palenciak.
Kritikarik nagusiena agintaldi planak herriarentzat “esanguratsuak” diren proiektuekin “konpromisorik” ez izatea izan da. Ez da hor gelditu PSE-EEren bozeramailea, proiektuetako asko aurreko agintaldietan aurkeztu eta egin gabe utzitakoak direla erantsi baitu: “Aldakoenea eraikina, Barandiaran parkea, Olibeteko aparkalekua, adinekoentzako etxebizitzak, Ondartxoko eremu komunitarioa, Beraun kalearen biziberritzea, edota herritar txartela martxan jartzea, besteak beste”.
Beste proiektu batzuk bete gabe direla salatu du, “eta gainera desagertu egin dira. Horren adibide, Galtzarabordako kiroldegiaren handitzea, Aita Donostia, Maurice Ravel eta Irun kaleak berritzea, Arramendi eremua balioan jartzea eta kirol eremu berri bat egitea”.
Ez da halere, balorazioa guztiz “negatiboa” izan. Izan ere, “interesgarriak” diren eta bere alderdiak “urteetan defendatu” dituen proiektuak ere aurkitu ditu agintaldi planean, “horien kasuan zehaztapena falta zaie, garrantzi bizikoa diren gizarte, kultura eta ingurumen arloetan”.
Agintaldi plana aste honetan bertan jaso dutela azaldu du bestalde, Palenciak, “plan hori aurrez ez izateak zaildu egin du aurrekontuak lantzeko prozesua oposizioan ari garen alderdioi. 20 proposamenetik gora aurkeztu genizkion aurrekontu proposamenari, eta EH Bildu eta Podemosek ez zituzten onartu”.
Hogei zuzenketa aurkeztu zizkion gobernu taldearen aurrekontu proiektuari alderdi sozialistak, baita osoko zuzenketa ere.
Alderdi sozialistak ez duela “anbizio eta zehaztasunik gabeko” agintaldi plan bat bermatuko esan du bukatzeko Palenciak, “arduraz lanean jarraituko dugu, seriotasunez eta zintzo Errenteria eta bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko”.