'Entretinieblas' antzezlana, larunbatean Juanba Berasategin
Kili Kolo antzerki taldeak Donibaneko aretoan taularatuko du antzezlana, 19:00etan. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Antzerkizaleek hitzordua dute larunbatean (hilak 16) Donibaneko Juanba Berasategin, Kili Kolo antzerki taldeak Entretinieblas emanaldia eskainiko baitu, 19:00etan. Vega Iguaranen zuzendaritzapean, honakoa da antzezlana Pasaian taularatuko den hirugarren aldia. Adinkiderentzat hasi ziren lanean, adinekoen bakardadea prebenitzeko programaren barruan. Oraingoan, Donibanen jarraitzen du lankidetzak. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Sinopsia: Yolanda Bellek, drogekiko adikzioa duen abeslari ausart eta anbiguoak, bere senargaia gaindosi baten ondorioz hiltzen ikusten du. Beldurtuta, ‘Berrerosle Umiliatuen’ ordenako komentu batean sartzea erabakitzen du. Oso ordena berezia. Ama Nagusiak Yolanda miresten du. Komentuan, Yolandak harrituta ezagutuko ditu moja jentil eta xelebreen mendekotasun eta grinak. Guztiek oso bizimodu ez konbentzionala daramate, Ama Jeneralaren aginduekin bat ez datorrena.
