Haurrak kuxkuxean, 2024ko udal egutegien azalean
Ager Arrietak egindako 'Kuxkuxean' irudia izango da, epaimahaiak hala erabakita, 2024ko Lezoko Udalaren egutegien irudi nagusia.
Ager Arrietak egindako Kuxkuxean argazkia izango da 2024ko Lezoko Udalaren egutegien azal nagusia. Hala erabaki du epaimahaiak. Izan ere, iristear den urteko udal egutegiei —paretan jartzeko handia eta mahaiko txikia— lezoar nortasuna emateko argazki lehiaketa antolatu zuen udalak, eta jasotako argazki guztien artetik Arrietarena hobetsi dute argazkilaritzan aditu direnek. Beraz, herriko sukaldeetan —baita egongela, gela, lantoki edo nahi den tokietan ere—, hark egindako irudia izango dute lagun lezoarrek 2024ko 366 egunetan. Bisurtea baita heldu den urtea. Hilaren 18an hasiko dira egutegiak banatzen, Kultura Aretoan; banaketa ordutegien berri aurrerago emango du udalak.
Osotara 140 izan ziren lehiaketara aurkeztutako irudiak. Gaia emana zuten: Lezoko une esanguratsu edo txoko kutunak. «Inoiz baino argazki gehiago jaso ditugu, eta kalitate handikoak. Txapeldunaren argazkia egutegiko azalean izango dugu, eta lezoar gazteen ilusioa bikain irudikatzen duela uste dugu», adierazi du Mikel Arruti alkateak.
Azalekoa bakarrik ez. Beste hamabi argazki dituzte bilduta udal egutegiek, hilabeteko bana. Horien guztien egileak, hilabetearen hurrenkeraren arabera, honakoak dira: Imanol Azkue, Zuriñe Urbieta (otsailekoa eta apirilekoak harenak dira), Daniel Azkue, Garbiñe Olaizola, Ioritz Urbieta, Santi Etxaniz, Nora Lakanbra, Garikoitz Mujika, Daniel Davila, Irune Minguez eta Ana Zabala. Gau Beltza, santakrutzak, Inauteriak, Trapujale, Zabarre, egunsentiak, mendekosteak, herriko plazak, natura… Askotarikoak dira landu dituzten gaiak. Den-denak lezo.eus webgunean ikus daitezke jada.
«Kasualitatez»
Mikel Arruti alkateak eman dio aste honetan Ager Arrietari lehiaketaren irabazle izateagatik irabazi duen saria, 200 eurokoa. Bertan, Arrietak zehaztu zuen «kasualitatez» ateratako argazkia izan zela harena: «Iazko Olentzero eta Mari Domingiren etorreran Murixkaren dantza emanaldia ikusten ari ginen musikarien atzean. Bertan zeuden haurrak, eta txikiak izanik, ezin ikusi zebiltzan. Orduan, ideia paregabea izan zuten: lurrean etzan eta hanka artean ikuspegi bikaina lortu zuten. Beraiek ikuspegi ona eta nik irudi polita!».
Arrietak badu esperientzia, ordea, udal egutegien argazki lehiaketan. Adibidez, aurtengo egutegietako bi hilabeteren alboan doazen irudiak harenak dira. «Sariaren dirua gustura erabiliko dugu herriko komertzioetan erosketak egiten», adierazi du.