Materrek hitzordu bikoitza proposatu du larunbaterako
Materrek urtea agurtuko du larunbatean, bi jarduerekin. 11:00etatik 13:00etara itsas hondakinen bilketa egingo da Alabortza senadian. Ondoren, 16:00etatik 17:30era, nabigazioa egingo da Mater ontzian.
Mater Museo Ekoaktiboak hitzordu bikoitza proposatu du larunbat honetarako, urtea agurtzeko. Alde batetik, itsas hondakinen bilketa egingo da Donibaneko Alabortza senadian, 11:00etatik 13:00etara. Hileroko hondakin bilketa herrikoia egingo dute, eta zientzia, ingurumenaren babesa eta natura uztartzen dituen jarduera dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Bestetik, urte bukaerako nabigazioa egingo da Mater ontzian, 16:00etatik 17:30era. Parte hartzaileek egurrezko azken euskal atunontzian ontziratu eta naturaz gozatzeko aukera izango dutela adierazi dute sustatzaileek. Irteeraren prezioa 30 eurokoa da. 12 urtez azpikoek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko.
Izen-emateak 619 81 42 25 telefono zenbakian edo posta elektroniko bidez egin behar dira.
Seabin-en urteko azken datuak
Aste honetan, 2023ko azken laginketa egin du Seabin-ek. Batez beste, 1,5 kilogramo jaso ditu. Ohikoa den bezala, mikroplastikoak eta tamaina ezberdineko plastiko zatiak, litxarreri bilgarriak eta tabako paketeen plastikozko bilgarriak izan dira bildu dituen hondakin ugarienak. Datorren urtean badiako itsas hondakinen ikerketarekin jarraituko dutela adierazi dute.