Zaurgarritasunak adineko emakume aurpegia du
Inoizko ekarpenik handiena bideratu du errenteriako Udalak herriko pertsona kalteberenak babesteko; 2020tik %80 handitu du Gizarte Larrialdietarako Laguntzen diru zatia.
Egoera zaurgarriena duten herritarrak babesteko inoizko ekarpenik handiena bideratu du Errenteriako Udalak. Hala jakinarazi dute gaur goizean, GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gaineko balorazioa egiteko Aizpea Otaegi alkateak eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak egin duten agerraldian.
Datu zehatz bat eman du Otaegik: “2020tik %80 hazi da udalaren ekarpena, eta 2023an 556.000 eurokoa izan da”. Azken urteetan urtero joan da igotzen diru zati hori udala. Eusko Jaurlaritzaren ekarpen “garrantzitsuaz” ematen direla laguntza horiek azaldu du Otaegik, “udalerri batzuk ez dituzte osatzen eta nolabait, Eusko Jaurlaritzak egiten duen ekarpena bukatzen denean agortzen dira, eta laguntzak emateari uzten diote. Errenteriako Udalean berriz, hartuta dugun erabakia da baldintzak betetzen dituen jende guztiari laguntzak bermatuko dizkiogula”.
Aurten, laguntzetan, 1.400.000 euro emango dituzte, eta horietatik 556.000 euro udalak emango ditu, “udalaren ekarpena handitu egin da aurretik aipatutako arrazoiarengatik, baldintzak betetzen dituen edonori bermatzen diogulako Gizarte Larrialdiko Laguntza, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpena gutxitu egin delako azken urteetan. Udalak ekarpenaren gehikuntza garrantzitsu egitea suposatu du horrek”.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak “ezinbestekoak” direla pertsona kalteberenentzat nabarmen jarri du alkateak, “oso oinarrizko premiei aurre egin diezaieten: elektrizitatea, ura, berokuntza edo alokairua”.
Laguntza eskaerak gora egin dute. Zehazki %20 handiagotu dira 2020az geroztik Otaegik azaldu duenez. Prezioen gorakadarekin eta eros ahalmenaren jaitsierarekin lotu du Otaegik hori. Horrekin batera, udalak txertatu dituen beste irizpideen ondorio ere izan da eskatzaile igoera. Izan ere, laguntza berriak zabaldu dituzte GLLen bidez udaletik: “6 eta 16 urte bitarteko adingabeei interneterako eskubidea bermatzeko lerro berri bat txertatu dugu. Derrigorrezko eskolatze adina da hori, eta haien familiak egoera ekonomiko ahulean egonez gero jasotzeko eskubidea dute. Bide beretik eta jasotzaileen tipologia zabalduz, diru laguntza lerro berri bat jorratzen hasita dago udala, kalteberatasun egoera duten emakumeek oinarri-oinarrizko produktu sanitarioak eta higienikoak eskuratu ahal ditzaten”.
60 urtetik gorako emakumeak jasotzaile nagusiak
Eskatzaileak gora, eta udalak jarritako diru kopurua ere gora doa. Horri buruz hitz egitea bezain garrantzitsua iritzi dio Otaegik, eskatzaileen profilaren gainean mintzatzea, “askotan ere, aurreiritzi handiak ditugulako”.
Errenteria-Oreretako 2023ko datuei erreparatuta, 529 herritarrek eskatu dute Gizarte Larrialdietarako Laguntza. Horietatik 345ek 60 urte edo gehiago dituzte —eskatzaileen %65—, eta 383 emakumeak dira—eskatzaileen %72—. Beste datu bat, eskatzaileen %71 Espainiako Estatuan jaiotakoak dira. “Hortaz laguntza horiek sostengatzen dituzten pertsonen arketipoa honakoa da: Espainiako Estatuan jaiotako adineko emakumea”.
Beste datu bat eman du Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Bakarrik bizi diren pertsonen gakoa jarri du hark erdigunean: “Laguntza eskatu duten herritarren artetik %80 bizi da bakarrik”.
Sakondu egin du gaian alkateak eta nabarmen jarri azterlan askok erakutsi dutela pobrezia erlatiboaren tasak gora egiten duela adinean aurrera joan ahala, “larrialdietarako halako osagarrien menpe dago sarri etxeko ekonomia batzuek eutsi ahal izatea”.
Aurrekontuak aurkeztu zituzteneko garaira begira jarri da azkenik Otaegi. Izan ere, horiekin “estu” lotuta dagoela gaur egin duten balorazioa azaldu du: “Aurkeztu genituen bost ildoetako bat gizarte babesarena zen, eta %4ko igoera planteatu dugu datorren urteko aurrekontuari begira. Hain justu, beti esaten dugun hori bermatzeko: Gutxien dutenen ongizatea izan behar duela guztion ongizatearen neurria”.
Datuek gordin islatzen dutenarekin, ezinbestean egin dio erreferentzia Otaegik Duintasuna Pentsiodunen elkarteko eskaeretako bati, gutxieneko pentsioa: “Gutxieneko pentsioaz hitz egiten denean, ari garena planteatzen da duintasunez bizimodua aurrera ateratzeko gutxiena guztiok eduki beharko genukeela. Egoera eta errealitate horri erantzun behar zaio; pentsio ez kontributiboak dituzten emakume askok ikusten dute beren burua behartua osatzera beren pentsioa horrelako laguntzekin”.