23. Korrikarako beroketa lanak hasi ditu Oarsoaldeko AEK-k
Lehen aldia da Korrikak berezko denda fisikoa izango duena Oarsoaldean. Hilabetez izango da zabalik, goiz eta arratsaldez, eragile ugariren inplikazioari esker.
Hiru hilabete falta dira 23. Korrika Irunen hasi, eta Euskal Herria luze-zabalean zeharkatuta Baionan amaitzeko. Martxoaren 14tik 24ra egingo dute euskararen aldeko iniziatiba erraldoia, hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertu eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko. Oraindik ez dute zabaldu noiz helduko den Oarsoaldera, ezta noiz zeharkatuko duen Errenteria-Orereta ere. Amaia Arruti Xenpelar AEK euskaltegiko irakasleak azaldu duenez, urtarrilera arte itxaron beharko dute herritarrek Korrika udalerritik pasako den eguna eta ordua jakiteko.
Oarsoaldeko AEK-koak, baina, hasi dira girotzen, eta iniziatiba erraldoiari begira beroketa lanak egiten. Astelehenean zabaldu zuten Korrika denda. Errenteria-Oreretako Herriko Plazan kokatuta dago, eta 23. Korrikaren izerditako, kamiseta, peto, giltzatako edo benderolak dituzte salgai bertan. Korrika Lagun egiteko aukera ere dago.
Hilabetez izango da zabalik Korrika denda Herriko Plazan
Berritasuna da denda. Izan ere, inoiz ez du Korrikak denda fisikoa izan Oarsoaldean, nahiz eta urteetan unean uneko herri dendetan saldu izan duten materiala: «Aurten erabaki dugu denda zabaltzea propio, eta herritarrei eskaintzea aukera Korrikaren materiala erosteko». Hilabetez izango da zabalik, urtarrilaren 6ra arte.
Gabonetako jaiegunetan eta igandetan ez dute zabalduko, baina San Tomas Egunean irekita izango ditu ateak. Ordutegia, honakoa: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gaurtik igandera arte ere itxita izango da. Izan ere, gaur bertan Donibanen izango da salgai Korrikaren arropa; bihar Oiartzungo Txerri Egunean eta Antxoko San Tomasean; eta etzi Lezoko San Tomas festan.
Berritasunen artean, petoen salmenta aurreratu dutela azaldu du Arrutik. «Korrika baino egun batzuk lehenago heltzen ziren; orain eros daitezke jada, 6 euroan. Banderolak ere baditugu».
Eguberriak eta esker ona
Astelehen arratsaldean zabaldu zituen ateak dendak, inaugurazio ekitaldi eta guzti. Giro ederra izan zen, pintxoak eta edatekoa ere ez ziren falta izan. Inauguraziora bai, baina materiala erostera ere hurbildu zen herritar andana. «Aukera polita da Eguberrietako opariak egiteko. Zer hobe, Korrika materiala oparitzea baino?», esan zuen erostera joandako herritar batek. Ideia horretan sakondu zuen Arrutik ere bai: «Denda Eguberrietan zabaltzea horrekin lotu dugu, jendeak aukera izan dezan Korrikaren materiala oparitzeko».
Aldi berean, aste honetan bertan jakinarazi du AEK-k 23. Korrikaren kanta zein izango den, eta urtarrilean helduko da herriz herri egingo duen ibilbidearen zabalkundea. Horri begira dira asko eta asko. Korrika Batzordea ere urtarrilean jarriko dute martxan Errenteria-Oreretan, gainontzeko herrietan bezala. Horrekin lotuta parte hartzera deitu ditu herritarrak AEK-ko kideak.
Esker on mezua ere zabaldu du Arrutik. Izan ere, denda zabalik mantentzeko herrigintzan ari den herritar asko-askoren laguntza jaso dute: «Txandak bete dituzte goiz eta arratsaldez denda zabalik mantendu ahal izateko. Oso pozik eta oso eskertuta gaude jasotzen ari garen laguntza guztiarekin». Irakasleek ere egingo dituzte txandak.
Korrika Txikia eta Korrika Gaztea ere antolatuko dituztela gogorarazi du Arrutik, «oraindik erabat lotu gabe badugu ere, gazte izandakoen Korrika ere antolatu nahi dugu».