Palestinaren alde kalea hartuko dute berriro
19:00etan elkartuko dira Zumardian. Dinamikak halaber, Palestinako banderak balkoi eta leihoetan jartzeko eskatu die herritarrei.
Palestinako banderak balkoi eta leihoetan jartzera deitu du Orereta Palestinarekin Herri dinamikak. Palestinaren alde elkarretaratzera deitu dute. Gaur izango da protesta hori, Orereta Palestinarekin Herri dinamikak deituta, 19:00etan Zumardian. Parte hartzera deitu dute, Israelgo Estatua Palestinaren aurka egiten ari den genozidioa salatzea «urgentzia bizikoa» dela iritzita. Azken datuen arabera, urriaren 7tik hilaren 11ra 18.205 palestinar hil ditu Gazako zerrendan; horietatik %70 haur eta emakumeak. Zaurituak, berriz, 49.645 dira.
Dinamikak halaber, Palestinako banderak balkoi eta leihoetan jartzeko eskatu die herritarrei, «Palestinari elkartasuna adierazi, eta estatu sionistaren genozidioa salatzeko». Horren harira, banderak eta txapak herriko hainbat tabernetan salgai direla jakinarazi du; banderak 5 euroan eta txapak euro batean. Hona zerrenda: Landare, Arkaitza eta Sindikato tabernetan. Beste deialdi bat ere zabaldu du dinamikak: «Boikota egin. Ez erosi Israelgo produkturik. Ez eman zentimo bat ere Palestinaren genozidioaren arduradun den estatu sionistari, ezta harekin lerratu direnei ere».
