Hirugarren Mailako eskualdeko derbia, Pasaiarentzat
Bost partida jarraian galdu ondoren, berebizikoa zen pasaitarrentzat garaipena lortzea salbazioko postuetara gerturatzeko. Pasaia 2-1 nagusitu zen Touringen aurka, eta puntuak etxean geratu ziren.
Larunbatean urteko azken partida jokatu zuen Pasaiak, eta ez nolanahikoa, Hirugarren Mailako eskualdeko derbia jokatu baitzuen Touringen aurka. Bost neurketa jarraian galdu ondoren, berebizikoa zen pasaitarrentzat garaipena lortzea salbazioko postuetara gerturatzeko. Esan eta egin. Hiru puntuak Jesus Mari Zamoran geratu ziren, Pasaia 2-1 gailendu baitzen Errenteria-Oreretako taldearen kontra.
Etxeko taldea izan zen markagailuan aurreratu zena. Javier Soroetari penaltia egin zioten eta hark bidali zuen baloia sare barrura pasaitarrak aurretik jartzeko. Lehen zatia bukatzear zela, baina, Gorka Carrera Touringeko jokalariak partida berdindu zuen kontraeraso batean sartutako gol bati esker.
Atsedenaldiaren bueltan, neurketa parekatua egon zen. Pasaiak berriro ere aurretik jartzeko aukera argia izan zuen, baina Koldo Ferrerrek penalti bat hutsegin zuen. Hala ere, Pasaiak saria lortu zuen 81. minutuan Iñaki Zabaletak lortutako gol bati esker, puntuak etxean utziz.
Pasaiak jaitsiera postuetan jarraitzen du 11 punturekin, baina Deriorekin berdinduta dago, eta salbazio postuetara gerturatu dira. Touringek, aldiz, pasaitarrek baino hiru puntu gehiago ditu (14). Beheko postuetako lehia bizitu da Pasaiaren garaipenaren ondoren.