Urtarrilaren 8an hasiko da Udaltzaingoa aparkaldi mugatuko eremuak kontrolatzen
20:00etatik 08:00etara Tomas Garbizu, Polentzarrene, Guillermo Lazon eta Hipolito Gezala kaleetan; eta Zubitxo kaleak eta Elisa Salaberriak osatzen duten eremuan, egoiliar txartela dutenek bakarri ahalko dute aparkatu.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/12/lezo-aparkaldimugatua.jpg)
Udaltzaingoa urtarrilaren 8an hasiko da aparkaldi mugatuko eremuen zaintza lanetan. Horietan aparkatuta daude ibilgailuen kontrolari ekingo diote. Azaroko udalbatzarrean eman zioten zinegotziek ordenantzari oniritzia, aurkeztutako alegazio bakarra erantzun ondoren.
Udal gobernuak adierazi du ordenantza hori aldatzeko aukerak aztertu zituela; izan ere, aurreko gobernu taldeak diseinatutakoa da ordenantza hori. “Herritar askok aparkatzeko txartela jada eskatua zuela ikusita, eta horiei dirua itzultzeko ezintasuna ikusita, ordenantza bere horretan mantentzea hobetsi da”, zehaztu du Mikel Arruti alkateak. Eskaerak berriak bideratzen ari direla adierazi du, aldi berean, udalak.
Hala, ordenantzaren arabera, 20:00etatik 08:00etara egoiliar txartela dutenek bakarrik aparka dezakete zonalde horietan. Eremuak, honakoak direla oroitarazi du udalak: Tomas Garbizu kalea; Polentzarrene, Guillermo Lazon eta Hipolito Gezala kaleak; eta Zubitxo kaleak eta Elisa Salaberriak osatzen duten eremua. Arraitokin, berriz, gehienez lau orduko aparkaldi mugatua izango dute egoiliar txartelak ez dituztenek.