'Lo que faltaba' liburuaren aurkezpena, ostiralean
Roberto Alvarez idazle trintxerpetarra da obraren egilea. Hilaren 22an aurkeztuko du bere lan berria Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan.
Memorias de una pierna liburua idatzi ondoren, Roberto Alvarez Chans idazle trintxerpetarrak istorio horren bigarren zatia idatzi du: Lo que faltaba. Egileak berak ostiralean (hilak 22) aurkeztuko du bere lan berria Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan. Alvarezek liburuaren zirrikitu guztiak kontatuko ditu eta bertaratutakoek harekin hitz egiteko aukera izango dute.
Sinopsia: 1993ko maiatza. Lolori hanka moztu diote. Etxera itzultzean, konturatuko da ezin duela lehengo bizitza egin. Babesik gabe dago. Egoera berriari aurre egiteko ezinbestekoa izango du familiaren laguntza eta, batez ere, bere lagun bereizezina den Ignaciorena; harekin bere bizitzako unerik garrantzitsuenak errepasatuko ditu.
Lo que faltaba liburuak bizipen eta oroitzapen multzo bat kontatzen du, protagonisten arteko elkarrizketen bidez azaleratzen direnak. Elkarrizketa horien bidez, ezagutuko ditugu frankismoaren azken urteetako barne historia, demokraziaren sorrera, terrorismoaren garai gogorrak, Opusa, 23 F-a, kartzela eta, azken batean, gizartearen aurrerapena. Bitartean, Trintxerpe, Loloren auzoa, eboluzionatzen ari da eta Dolarraren Hiria izatetik Drogaren Hiria izatera igaro da.
