Mater eta Libera, basuralezaren aurka
Bi erakundeek urte osoan zehar ingurumenaren zaintza, hondakinen prebentzioa eta gizartearen sentsibilizazioa ardatz duten jarduerak gauzatu dituzte.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2023/12/mater-1.jpeg)
Mater Museo Ekoaktiboak eta Libera proiektuak elkarlanean jardun dute beste urte batez basuralezarekin bukatzeko. Horren baitan, hondakinen prebentzioa ardatz duten egitasmoak sustatu dituzte.
Elkarlan horren bidez, Zero Zabor Uretan kanpainaren laugarren ekitaldia egin da. “Itsaso osasuntsu baten garrantzia” aldarrikatzeko xedearekin, Materrek Euskal kostaldeko zortzi portu bisitatu ditu. Kanpainaren helburuak honakoak izan dira: itsas hondakinen arazoaren inguruko kontzientzia hartzea eta arazo horren aurkako prebentziorako ekintzara bultzatzea.
Helburu horiek lortzeko, zenbait iniziatiba parte hartzaile gauzatu ditu Materrek: Mater ontzi museoan bisita ekoaktiboak, ontziaren kubiertan eginiko urpeko zinema ardatz duten proiekzioak edota ezagutza zientifikoa modu atsegin eta dibertigarrian ezagutarazteko showak zituzten itsas erraldoiekin eginiko martxak.
Mila pertsona baino gehiagok hartu dute parte Materrek sustatutako jardueretan, eta bisitatu dituzten herrietan “aztarna” utzi nahi izan dute, “biztanleak itsas hondakinei aurre egiteko erronkan inplikatuz”. Aurtengo ekitaldian ikastetxeak, bizilagun elkarteak eta bertako saltoki eta dendak “paregabeko aliatu” izan direla aitortu du Materrek, “sentsibilizazio lana egin eta planetarekiko zein hurrengo belaunaldiekiko abegikorragoak diren ohiturak bultzatzeko”.
Itsas hondakinen bilketak
Kanpainan zehar itsas hondakinen bilketak egin dira kostaldean eta itsas hondakinen eta mikroplastikoen arrantzak itsaso zabalean. Orotara, basurelezako 3.705 elementu bildu dituzte, 39,2 kilogramoko pisuarekin.
Itsasoan jasotako mikroplastikoei dagokionean, ugarienak plastiko bigun zatiak izan dira, bildutakoen %34,4a ordezkatuz. Mikrofibrak eta poliespan tipoko aparrak jarraitzen diete mikroplastikoei.
Euskal Herriko itsas ingurunearen egoera “larria” dela adierazi du Materrek. Zero Zabor Uretan kanpainarekin ingurumenaren aldeko ohiturak finkatzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Museo Ekoaktiboak, “zaborrik onena sortzen ez dena” baita.
1m2 contra la basuraleza
2023an zehar, Mater 1m2 contra la basuraleza kanpainara batu da. Proiektu hori inguru naturaletan hondakinak murriztera bideratua dago eta herritar zientzia ardatz duten jarduerak eta hondakin bilketak batzen ditu.
Kanpaina horren baitan, Materrek hiru jarduera antolatu ditu: bi itsasoan, itsas hondakinak eta mikroplastikoak arrantzatuz, eta bestea ibaian, hondakinak itsasoratu aurretik antzemanez. Orotara, 917 elementu jaso dira, 50 pertsona baino gehiagoren artean jasoak. “Bazuralezaren aurkako borrokan arrakasta gogoangarria”, esan du Materrek.