Errenteriako Udalak hiru emakumek jasotako indarkeria matxista salatu du
Adierazpen instituzional plazaratu du udalak, asteburuan izandako erasoaren aurrean. Aho batez iragarri dute ez dutela halakorik onartuko.
Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du, asteburuko eraso matxista hirukoitza salatzeko. Udalbatzan ordezkaritza duten bost udal taldeek aho batez onartu dute.
Adierazi dutenez, “erabat” gaitzetsi dute hiru emakumek jasotako erasoa, eta “zero tolerantzia” adierazten dutela eraso matxista guztien aurrean.
Horrez gain, jendartean horrelako gertaerak onartzen ez dituztela irmo esan dute. Udalak lanean jarraituko duela iragarri du, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko. “Halaber”, jarraitu dute, “Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera”.
Jakinarazi duenez, udalak laguntza eskaini die erasoa jasan zuten emakumeei, eta elkartasuna adierazi nahi die adierazpenaren bitartez. Era berean, Udalaren esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditu erasoa jasan dituzten emakumeen eskura”.
Horrez gain, udalak bat egin du Oreretako Mugimendu Feministak gaurko —abenduak 20— deitu duen elkarretaratzearekin. Herritarrei gonbita egin diete bertan parte har dezaten.