Gamon ikastetxean elikagaiak biltzen ari dira, Zaporeak-entzako
Datorren ostiralera arte jasoko dituzte hondatzen ez diren janariak. Lesbosen dauden errefuxiatuei bideratuko dizkiete jakiak.
Cristobal Gamon ikastetxean janari-bilketa egiten ari dira aste honetan (ostiralean, hilak 22, bukatuko da). Zaporeak proiektuarentzako janaria biltzen ari dira, Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuei bideratzeko.
Urtzi Axpe irakasleak azaldu duenez, DBH4ko talde batean Mediterraneoko migratzaileen tragedia gaia aztertu dute Proiektu Komunitarioa ikasgaian. Gaiari hasiera emateko Las nadadoras filma ikusi zuten.
BERRIA egunkarian publikatutako hainbat artikulu aztertu zituzten, gaiari buruzkoak, eta aurkezpen bat prestatu zuten. Ikastetxeko beste ikasgeletan aurkeztu zuten lana.
Egunkariko artikuluetako batean Zaporeak proiektuaren berri ematen zuten, eta haiekin harremanetan jarri ziren, eskolan hitzaldia eman zezaten.
Gaiaren lanketa modu praktikoan bukatu nahi zuten, eta horregatik janari bilketa egin dute. Astelehenean hasi ziren, eta ostiralean bukatuko dute.