'Zirku Musikala', Bizitu proiektuaren urteko azkena
Landarbaso Abesbatzaren 'Zirku Musikala' eskainiko du Bizitu proiektuak larunbatean, 12:00etan, Niessen auditorioan.
Larunbatean, abenduaren 23an, 12:00etan, Errenteriako Niessen auditorioan Bizitu proiektu familiarrak urteko azken saioa eskainiko du: Landarbaso Abesbatzaren ‘Zirku Musikala’. Antolakuntzan Errenteria-Oreretako Juneren Hegoak eta Mindira elkarteak aritu dira. Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua dela eta, gonbidapena beharko da, eskuratzeko hemen. Ordubetez, Oier Etxaburu pianoan arituko da, Iñaki Letamendia perkusioan eta Maddalen Dorronsorok gidatuko da ikuskizuna.
Bizitu Zinema proiektua 2017an sortu zen, adingabeen familientzako espazio parte-hartzaile eroso bat sortu nahian. Urte hauetan proiektutik adingabeen zailtasunak agerian utzi eta haien arteko desberdintasunak errespetatuz, Juneren Hegoak eta Mindara elkarteetako kide diren txiki batzuen beharrei erantzuten diete.
Mindara elkarteko Arrate Alemanenek adierazi du familiak musikara hurbildu nahi dituztela larunbateko kontzertuarekin. “Bizituko saio honetan zerbait berezia proposatu nahi genuen, gure familiak musikara hurbilduko zituen zerbait, baina modu parte-hartzaile eta dibertigarri batean”. Juneren Hegoak elkarteko Beatriz Martin oso eskertuta adierazi da abesbatzarekiko, ez baita elkarlanean jardungo duten lehen aldia: “Bizitu hasi zenetik, zinema izan da tresna, baina urrats bat gehiago eman nahi genuen, gure familiei beste diziplina kultural batera hurbiltzeko aukera emanez. Eta Landarbaso Abesbatzak beste batzuetan lagundu dio Juneren Hegoak elkarteari, eta proposamen hori planteatzera animatu gara, aurrerago lankidetzarako beste aukera batzuk irekiko direlakoan”.