«Inor ez zegoen liburuaren zain; askatasuna eman dit horrek»
‘Bekatua’ lehen eleberrian 36 urteko emakume batek «aje emozional» batean duen ideia-zurrunbiloa islatu du oiartzuarrak. Harrera ona izan du liburuak: bigarren edizioa inprentan da.
Aje emozional bat bezala deskribatu duzu Bekatua-ko protagonistak duena, ideien zurrunbilo batean dagoena. Zer izan zen lehenago? Garaziren pertsonaia eraikitzea, ala ideia horiek idatzi, eta hortik abiatuta, forma ematea?
Banekien ideia zurrunbilo bat kontatu nahi nuela, baina ez nekien zeintzuk izango ziren ideia horiek oraindik. Hori egiteko aitzakia bat bilatu nuenean sortu zen pertsonaia, eta ondoren hasi nintzen —esan dezakegu— Garazirengan pentsatzen. Ohe batean zegoela sortu nuen; hori izan zen abiapuntua, eta hor hasten dira zalantzak, jakin-mina… krisi horretan.
Proiektuak hasieran Biharamuna zuen izena, baina Bekatua jarri zenioten. Kezkatzen al zaitu gizartean egon daitekeen moral bikoitzak?
Biharamuna izena zuen Ramiro Pinilla saria jaso zuenenean [2021ean], baina izena aldatzea editorearen proposamena izan zen. Berrirakurri, eta Bekatua izena jartzea erabaki nuen, editorearen oniritziarekin.
Moral bikoitzarena baino, istorio honetan asko aipatzen dira kontraesanak. Garazik berak egin dituenak, baina baita ere ingurura begiratu eta lagunek edo familiak egin dituzten horiek. Azkenean, gizartean ditugun kontraesanak dira; kontraesanik gabeko pertsonarik ez da existitzen, nahiz eta sarri batzuek erakutsi nahi duten hala direla. Garazi bada gizartearen isla; kontraesan horiekiko epaiketarik ez dago liburuan, konstatazio bat baizik.
Premisa da 36 urteko emakumea 19 urteko mutiko baten ohean esnatu dela. Belaunaldien arteko arrakalak Garaziri sorrarazten dizkion zalantzak kontatzen dituzu liburuan, baina —premisak dioenetik harago— badirudi pisu handiagoa duela belaunaldi kideekiko arrakala handiagoa adierazten duela. Badela, nolabait, 36 urteko pertsona baten ahotsa.
Uste dut Garazik ongi islatzen dituela 30-40 urteen bueltan gaudenon belaunaldia. Asko begiratzen du beste belaunaldietara, ondoren datozenena —Mattin maitalearen aitzakia horrekin—; alderaketak egiten ditu, eta transmisioarekiko kezka agertzen du. Aurrekoei ere begiratzen die: amari, amonari… Hala ere, bereari begiratzen dio, eta oso zentralak dira bere kuadrilla, bere bikotea, bere familia…
Arreta eman du aurrekoen lorpenak aldarrikatzen dituzula. Hainbat zentzutan atzeraka goazela iritzi al duzu?
Esaten da Historiak horrela funtzionatzen duela; garapenaren ondoren, beti datoz atzeraldiak, kontserbadoreagoak direnak, gero aurrera egiteko. Ez da nik asmatutako zerbait.
Uste dut bizi garela gizarte batean non jaso ditugun lorpenak egintzat ematen ditugun, eta mundua mundu denetik hor daudela uste dugu. Badaude euren burua oso moderno kontsideratzen dutenak, baina gero askotan oso kontserbadore eta tradizional bagara. Badago lilura bat; adibidez, ezkontzak nola egiten diren, izan zibilak edo erlijiosoak. Uste dut gure aurrekoek sinplifikatu zituztela. Hori gertatzearen arrazoia ez dakit zein den.
Eleberri motza da, baina esaldi batzuk entresakatu daitezke, eta manifestu antzeko bat egin. Alegia, liburuak baduela kutsu politikoa.
Nire intentzioa ez da izan liburu politiko bat idaztea. Era berean, egia da gizarte honi ari dela begira. Politika ez da bakarrik udal batek, gobernu batek edo alderdi politiko batek egin dezakeena; beste batzuk ere egiten dute politika, gure eguneroko bizitzan eragina dutenak, kontzienteago edo inkontzienteago egiten dena.
Batek baino gehiagok esan dit liburu ausarta dela, gai batzuen inguruan esaten direnengatik. Gai polemikoak izan daitezkeen inguruan Garazik pentsatzen dituenak dira. Nik ez dut uste hain ausarta denik, ez dut hala kontsideratzen. Uste dut pertsonaiaren ideia-zurrunbiloa dela, eta gizarteari begiratu eta hura zalantzan jartzen du.
Diozun karga politikoari dagokionez, uste dut badakidala zeri buruz ari zaren. Garazik asko hitz egiten du lanari buruz, bere gurasoek bizitutako egoerei buruz, gaurko lanen joerari buruz, gurasotasunaz aritzen da, kristautasuna bizitzeko modu eguneratuan, etxebizitza ere hizpide du… Izan dezake, bai, karga politikoa, nahiz eta nik ez dudan kontsideratzen.
Liburuaren zati askotan agertzen da ikuspegi feminista, hau ere politikoa.
Emakumezko pertsonaia nahita asmatu nuen. Ideia zurrunbilo edo krisi horren erdian jarri nahi nituen hamarnaka gai horien ahotsa emakumearena izatea nahi nuen, ez da kasualitatea.
Protagonista emakumea da, baina bere krisi horretara eramaten dutenak bi pertsonaia maskulino dira: Axi bere bikotekidea eta Mattin maitalea. Hori bai, inguruan emakume asko agertzen dira: lagunak, senideak… Emakumeen presentzia oso handia da, eta hori nahita bilatutakoa da.
Amatasunari buruz ere asko hausnartzen duzu, kronologikoki Amez baino lehenagokoa den lan honetan, nahiz eta geroago argitaratu.
Honen hasiera 2017 ingurukoa izango da. Argitaratu arteko prozesua oso luzea izan da, eta agian Amez-eko narrazio batzuek izan zuten eragina liburu honetan. Amatasuna baino, gurasotasuna du hizpide, aitatasuna ere kuestionatzen baitu.
Ezinbestekoa zen gai hori sartzea. Garazi da 30 eta luze dituen emakume bat, ama ez dena; gure gizarteak beti galdetuko dio zergatik ez den ama. Gai hori —ezta ere— ez dago gaindituta. Pertsonaia hori sinesgarri egiteko nahi eta nahi ez aipatu behar zen gai hori. Horrekiko duen jarrera zein den beste kontu bat da, baina azaldu behar zuen.
Beste hainbat osagairen artean, suspense pixka bat ere badauka Bekatua-k, ea Mattin esnatuko den, liburuak norabide aldaketa izango duen. Bideak eraman al zaitu horretara?
Idazten hasi aurretik, banekien ez Mattinek ezta Axik ere ez zutela protagonismo handirik izango. Hor daude, askotan aipatzen dira, baina ez dira parte aktibo narrazioan zehar. Axik berak ez du telefono deirik egiten.
Hasieratik argi neukan bi pertsonaia horiek ez zirela agertuko agertzen diren moduan baino gehiago. Polita da irakurleari ematea jakin-min hori, bukaerara iritsi dadila jakin gabe zer gertatuko den.
Dibertitu egin zara eleberria idazten, hori dirudi behintzat.
Bai, oso ongi pasatu dut idazten. Bi arrazoirengatik. Bat: ez dudalako inolako obligaziorik eduki hau idazteko, ez dut karga edo presio pertsonalik izan, are gutxiago beken edo argitaletxeren baten epe-mugak. Inor ez zegoen nire eleberriaren zain, eta horrek askatasun handia eman dit, baita ideia-zurrunbiloa izateak ere, nahi nuen gauzei buruz, nahi nuen moduan, idazteko. Badu tonu ironiko edota azido bat, eta dibertitu naiz.
Beti aldarrikatu dituzu narrazio laburrak edo ipuinak. Publikatutako zure aurreko lanak ere gisa horretakoak izan dira. Lehenengo eleberri honekin, uste duzu aitortza etorri zaizula luzeagoa delako?
Ez dakit zergatik den, baina badut sentsazioa aurrekoek baino harrera hobea izaten ari dela. Sentsazioa baino gehiago da: agortu berri da lehenengo edizioa, eta sentsazioaren berrespena da.
Motiboa jakin gabe, uste dut euskal irakurleak —baita beste tokietakoek ere— baduela nobelarako joera, genero preziatuena eta irakurtzen errazena delako. Beste oihartzun bat baduela sentitzen dut. Hala ere, jarraitzen dut narrazio laburraren balioa aldarrikatzen, oso eroso sentitzen naizen neurria da. Lehen eleberria idatzi izanak ez du esan nahi narrazioei atea itxi diedanik.
Aurkezpenean, Uxue Razkin Ereingo editoreak aipatu zuen antzerkirako aproposa izan zitekeela istorioa. Hala uste al duzu?
Bekatua idatzi nuenean, nire buruan ez zegoen antzerkirako zerbait sortzea. Pasa den astean, Durangoko Azokaren zirkuituaren barruan, aurkezpen dramatizatu bat egin nuen Elgoibarko Pitxintxu dendan, Sara Iriondorekin. Han Elgoibarko Antzerki Eskolako zuzendaria zegoen, bukaeran hurbildu zitzaidan, eta azaldu zidan antzerkiarentzako moduko hizkuntza iruditzen zitzaiola.
Comadres Amez lanaren itzulpenarekin aurkezpen pare bat egin dituzu dagoeneko.
Batera atera dira bi liburuak, eta Madrilen eta Bartzelonan aurkezteko aukera izan dugu. Pozik nago aukera edukitzearekin bakarrik. Ez dakit zein ibilbide egingo duen, gaztelaniazko literaturarena itsaso handi eta zabala baita. Lehenengo aldia izan da gaztelaniaz itzulpen bat egiteko aukera izan dudana.
Aurreratu dezaket, gainera, Bekatua ere gaztelaniaz aterako dela, udaberri partean. Horren kasuan, beste batek egin du itzulpena.