Areto futboleko Gipuzkoako Kopa, Antxora
Pasaitarrak 4-1 nagusitu ziren finalean Azkoitiko Ttakunen aurka. 2017an lortutakoaren ondoren, honakoa da antxotarrek bereganatzen duten bigarren garaikurra.
Iragan larunbatean areto futboleko Gipuzkoako Kopako finalaurrekoak eta finalak jokatu ziren Donostiako Jose Antonio Gasca kiroldegian. Antxo, Oiartzun, Tolosako Herrikide eta Azkoitiko Ttakun aritu ziren nor baino nor Amarako kantxan. Giro ona nagusitu zen harmailetan eta lau talde parte hartzaileetako zaleek eserleku guztiak bete zituzten.
Lehenik, tolosarren eta azkoitiarren arteko finalaurrekoa jokatu zen, eta Ttakun nagusitu zen penaltietan. Bigarren finalaurrekoan Oarsoaldeko derbia jokatu zuten Antxok eta Oiartzunek. Lehia bizia izan zen. Antxotarrak 2-0 jarri ziren aurretik, baina oiartzuarrek markagailua irauli zuten (2-3). Partida bukatzear zegoela, Antxok berdinketaren gola sartu, eta neurketa penaltietan erabaki zen zuri-gorrien alde.
Azkoitiko Ttakun izan zen Antxoren arerioa finalean, eta azkoitiarrak markagailuan aurreratu baziren ere, zuri-gorriek nagusitasunez bereganatu zuten Gipuzkoako Kopa (4-1). Honakoa da pasaitarrek bereganatzen duten bigarren garaikurra, 2017an ere Antxora eraman baitzuten areto futboleko Gipuzkoako Kopa.