Oinezkoen segurtasuna hobetuko du udalak GI-20 errepide gaineko zubian
Obren lizitazio epea zabaldu du udalak Beraun auzoa eta Txirrita Maleo industrialdea lotzen dituen zubian oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
Gi-20 errepidearen gaineko zubian oinezkoen segurtasuna hobetu nahi du udalak. Beraun auzoa eta Txirrita Maleo industrialdea lotzen ditu zubi horrek eta segurtasuna areagotzea helburu duten obren lizitazio epea zabaldu du.
Ibilgailu trafiko handia du eremu horrek, hiriko sarrera nagusietako batean kokatuta baitago; baina oinezkoen joan etorria ere handia da eremu berean, izan ere, Sarriegi plaza eta Bizarain ikastola lotzen baititu. Oinezkoen ibilbidea seguruagoa egiteko asmoz, pantaila bat jarriko du udalak alde batetik, oinezkoak errepidetik babesteko; baita euritik eta haizetik ere; bestalde, arriskuak murrizteko baranda handitu egingo du udalak.
Lan horietara 77.479,78 euro bideratuko ditu udalak, eta lanak egiteko lau hilabeteko epea aurreikusi du .