Sasoitsu hasi du Oiartzunek, Osasunari irabazita
Lehen ordu erdi bikaina jokatu dute urdinek, eta gorritxoei bi gol sartu dizkiete. Gero ongi eutsi diote nafarren, urduritasunak urduritasun.
Oiartzungo jokalariek Nafarroan hasi dute urte berria. Oiartzun Kirol Elkarteko emakumeen lehen futbol taldeak bikain hasi du urtea. Atzo eguerdian Taxoaren jokatu zuten, Osasuna Cren kontra.
Oiartzuarrak bikain hasi ziren, eta lehen ordu erdian bi gol lortu zituzten. Hortik aurrera, partida berdintzen joan zen, urdinek paseak egiteko garaian izan zituzten akatsengatik.
Bigarren zatian, jokoa berdinduta egon zen, eta etxekoek aldea murriztu zuten. Azkeneko minutuei emozioa —Osasunaren kasuan— eta urduritasuna —oiartzuarrenean— eman zien gol horrek, baina norgehiagokak ez zuen gehiagorako eman. Gabonetako opariarekin iritsi dira oiartzuarrak Nafarroatik, eta sasoitsu daudela erakutsi zuten.
RFEF Hirugarren Mailako hirugarren postuan jarraitzen du Oiartzunek, irmo. Burgos hiru puntura dauka, eta Eibar liderra, seira.
Datorren asteburuan bukatuko dute lehenengo itzulia. Bizkerre Bren bisita jasoko du Karla Lekuonan.
Oiartzun Kirol Elkarteko gainontzeko taldeak datorren asteburuan bueltatuko dira lehiara.
