Palestinarekiko babesak Landetxeko txoko batean hartu du aterpe
Palestinarrei elkartasuna adierazteko horma-irudia margotuta, hura aurkezteko ekitaldia egin dute, hainbat jarduerekin.
Herritar talde baten ekimenez, Palestinari elkartasuna adierazten dion mural bat ikus daiteke Landetxe eraikinaren ertz batean. Udane Ansak sortu du, eta egun batzuen buruan, atzo egin zuten horma-irudiaren aurkezpen ekitaldia.
Hamarnaka herritar bildu ziren eguerdian, muralaren aurrean. Asier Bergaretxeren bertso batzuekin hasi zuten ekitaldia, murala sustatu duen taldeko kide batek iniziatibaren nondik norakoak azaldu aurretik.
Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak taldearen ordezkari batek hartu zuen hitza segidan, Palestinaren egoeraren berri emateko. Gainera, Israelekin zerikusia duten produktuei boikot egitera deitu zuen. Produktu horietako batzuk bota zituzten sutara gero.
Ekitaldia bukatzeko, Martxa baten lehen notak kantatu zuten. Abestiaren letrarekin batera, Israelekin harremana duten produktuen zerrenda pasatu zuten, baita hainbat pegatina banatu ere.
Palestinaren aldeko aldarriak lau haizetara oihukatu ondoren, talde argazkia atera zuten muralaren aurrean.