Alkateak bilera eskatu dio Osasun sailburuari Iztietako anbulatorioaz hitz egiteko
Presazko bilera eskatu dio Aizpea Otaegi alkateak Gotzone Sagarduiri Iztietako anbulatorioaren zerbitzuak okerrera egin duela eta.
Iztietako anbulatorioaren zerbitzuak okerrera egin duela eta presazko bilera eskatu dio Aizpea Otaegi alkateak Gozone Sagardui Osasun sailburuari osasun zentroaren egoeraren gainean hitz egiteko. Herritarren kezka bere egin duela azaldu du alkateak, eta horiek egin zioten eskaera publikoari erantzuna eman diola bilera eskaeraren bidez.
Iztietako anbulatorioan Lehen Mailako Arretak eta Oarsoaldeko lau herriei ematen dien Etengabeko Arreta Gunearen zerbitzuak okerrera egin dutelako kezkatuta daude errenteriarrak.
Ondokoa, Otaegik Sagarduiri bilera eskaera egiteko helarazi dion gutuna, hitzez hitz:
Gotzone Sagardui, sailburu agurgarria:
Errenterian oso kezkatuta gaude Iztietako anbulatorioan Lehen Arretak nabarmen egin duelako okerrera, baita Etengabeko Arreta Gune gisa anbulategia eskualdean eskaintzen ari den arretak ere.
Datu esanguratsu bat emate aldera: Lehen Arretan orain arte 16 mediku egon diren tokian, 9 baino ez daude egun, erretiroa hartu duten 2 mediku eta bajan dauden 5 mediku ez direlako ordezkatu.
Ondorioz, oso oinarrizkoa dena, lehen diagnostikoa egiteko hitzordua ematea, neurri gabe luzatzen ari da.
Osasun-sistema publiko eta kalitatezkoa, herri baten ongizatearen bizkarrezurra dela sinetsita, egoeraren larritasunaren aurrean, herritar ugari ari da parte hartzen egoera salatzeko antolatzen ari diren ekimenetan. Duela 15 egun herriko zenbait eragilek martxan jarritako sinadura-bilketan dagoeneko 3.000 sinadura bildu izana bada kezkaren neurriaren adierazle.
Herritarren kezkarekin bat eginez eta publikoki egin zidaten eskaerari erantzunez, Errenteriako alkate naizen aldetik, presazko bilera bat eskatu nahi dizut, lehen Beraungo anbulategiaz hitz egiteko egin bezala, oraingoan Iztietako anbulategiaren egoerari buruz hitz egiteko.
Orduan bezala orain, nire eskaera aintzat hartuko duzulakoan, jaso ezazu agur bat,
Errenterian, 2024ko urtarrilaren 9an
Aizpea Otaegi Mitxelena
Errenteriako Alkatea