Pelletak euskal kostaldera irits daitezkeelakoan, Itsasertza plana aktibatu du Jaurlaritzak
Plastikozko bolatxoen harira, itsas kutsadurari aurre egiteko beharrezkoak diren neurri eta bitartekoak antolatzen dira.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak iragarri du Itsasertza planaren alerta fasea aktibatu dutela, Galiziako eta Asturiasko itsasertzera iritsi diren plastikozko bolatxoak edo pelletak euskal kostaldera ere hel daitezkeelakoan. Fase horretan, itsas kutsadurari aurre egiteko beharrezkoak diren neurri eta bitartekoak antolatzen dira. Egitasmoaren aholku batzordea datozen orduetan bilduko da, antolaketari ekiteko. 2023ko abenduaren Portugalgo Viana de Casteloko kostaldearen inguruan zama-ontzi batek kargaren zati bat galdu, eta horregatik ari dira bolatxoak iristen kostaldera.
Jaurlaritzaren eskariz, AZTI zentro teknologikoak pelleten isuria jazo zen egunetik itsasoaren baldintzen monitorizazioa eta hainbat simulazio egin ditu. Horietan jasotakoaren arabera, Tapiak azaldu du “oraingoz behintzat” plastikozko pinportek ez dutela eraginik izan euskal kostaldean. AZTIren arabera betiere, epe laburreko aurreikuspenei begiratuta ere, ez dirudi Gipuzkoako kostaldera edo Pasaia nahiz Hondarribira helduko direnik. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haize boladek etorrera “eragotziko” lukete, AZTIren arabera.
Tapiak adierazi du isuriari ez zaiola garrantzirik kendu behar, baina Prestige-k 2002an izan zuenarekin ez dagoela alderatzerik. Hala, plastiko horiek “toxikotasuna txikia edo ia toxikotasunik ez dutela” argitu du Tapiak. Hala ere, bolatxoek zenbait arrisku dituztela zehaztu du: “Arrainek eta hegaztiek plastikozko bolatxoak janariaren nahas ditzakete, eta horiek kopuru handian janda, asebeteta senti daitezke, eta baliteke bestelako elikagaiak ez bilatzea eta gosez hiltzea. Mikroplastikoak kopuru txikian janda ere, badago arriskurik: plastikook elikadura katean sartuko liratekeelako, gizakiontzat arriskutsu bihurtuta”.