Asisko Urmenetak 'Gora Euskal Herrientsak!' aurkeztuko du hilaren 17an
Trikuharri Kultur Elkarteak antolatu du ekitaldia. Ilustratzaile iruindarrak bere saiakera grafikoenaren berri emango du.
Asisko Urmeneta, 'Gora euskal (h)errientsak!' liburua aurkeztu zuenean Durangon [Arg.: Euskal Kultur Erakundea]. Trikuharri Kultur Elkarteak liburu-aurkezpen ekitaldia antolatu du hilaren 17rako. Asisko Urmeneta komikigile iruindarra gonbidatu dute datorren asteko asteazkenerako.
Aurkezpena Arizmendieneko beheko solairuko aretoan izango da, 18:30ean hasita.
Gora euskal (h)errientsak! saiakera grafikoa da, Urmenetak Don Campistron komikigilearekin batera osatu duena.
2023an argitaratu zuen liburua, iaz urteurren bikoitza bete zelako: 125 joan ziren Kapitolina Buztintze Larrondo uxuetarraren Konpendio-tik, baita Jule Fernandez Zabaleta iruindar maistraren jaiotzatik ere.
Euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren hainbat emakumeren lana jasotzen da liburuan, baita haiek utzitakoa omendu ere. “Komiki-album hau omenaldia ere bada kolektibo haiei; Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontzienteei, errientsa herrizale haiei”, gaineratu dute.
Buztintze eta Fernandezez gain, beste hainbat emakumeren lana ere goraipatzen da: Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, 1884), Katalina Alastuei Garaikoetxea (Iruñea, 1899), Elbira Zipitria Irastortza (Donostia, 1906)…
