Oiartzun izango da Korrikako azken eguneko lehenengo herria
Martxoaren 24ko gauerdia pasatuta etorriko da aurtengo Korrika, Errenteria-Oreretatik. Lehenengo Korrika batzordea hilaren 19an izango da.
Milurtekoaren hasieran gazte ziren eta orain ilea urdintzen ari zaienei inkontzienteak abesti bat gogorarazten Korrika badatorrela iragartzen den bakoitzean. Fermin Muguruzaren Big Beñat-en Korrika badator! da.
Gaur aurkeztu dituzte Korrikaren 23. ekitaldiko ibilbidea eta beste hainbat xehetasun. Oiartzundik noiz pasatuko den jakinarazi dute. Martxoaren 24an izango da, gauerdia pasatxo denean. 00:27an iritsiko da Oiartzunera, baldin eta erritmoa errespetatzen bada.
Korrikaren azkeneko eguna izango da hori, eta Oiartzun izango da data horretan sartuko den lehen udalerria, Errenteria-Oreretatik etorrita. Aurretik Oarsoaldeko beste bi udalerrietatik pasatuko da.
Oiartzundik ateratakoan, ohikoena izaten da Irunera joatea, edo alderantziz. Aurten, baina, Nafarroara joango da, Aritxulegitik barrena. Egun horretan bertan bukatuko da Korrika, Baionan. Irunen hasiko da, martxoaren 14an (osteguna).
Arraguakoa 2.663. kilometroa izango da. Ugaldetxokoa izango da hurrengoa, gero Elizalde, eta Altzibar eta Ergoiendik pasatuko da Lesakarako bidea hartu aurretik. 01:43an utziko du udalerria.
Ibilbide osoa kontsulta daiteke Korrikaren webgunean, AEK-k jakinarazi duenez.
Korrika Kulturala eta batzordea
Korrika aurkeztearekin batera, hasi dira aurreko ziten berri ematen. Oiartzungo Korrika Batzordea hilaren 19an (datorren asteko ostiralean) elkartuko da, 17:30ean, Intxixu-AEK euskaltegian (Landetxen).
Horrez gain, Korrika Kulturalaren barruan, Badon ikuskizuna eskainiko dute Oiartzunen. Otsailaren 25ean izango da, igandearekin. Beste hainbat ekitaldiren berri emango dute datozen asteetan.