San Juan baleontziaren eraikuntza prozesua kameraren bidez jaso du Mendi Urruzunok
'San Juana, gure historia erreskatatzen duen ontzia' erakusketa inauguratu berri du Albaola Itsas Kultur Faktoriak. Itsasontziaren eraikuntzaren fase bakoitza ulertzen laguntzen duten irudiak atera ditu argazkilari errenteriarrak.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak erakusketa berri bat inauguratu du, San Juana, gure historia erreskatatzen duen ontzia izenekoa. Bilduma honetan baleontzi ezagunaren eraikuntza prozesua jaso du Mendi Urruzuno argazkilari errenteriarrak bere kameraren bidez. Artisautza prozesu honen egunerokoa jaso du kamerarekin Urruzunok, 2014tik gaurdaino. “Albaolarentzat oso aberasgarria den irudi gordailu bat” sortu duela adierazi dute faktoriako iturriek.
2014an abiatu zuten egitasmoa eta ordutik, itsasontziaren eraikuntzaren fase bakoitza ulertzen laguntzen duten irudiak ateratzen aritu da argazkilaria. “Haren hezurdura eta barne egitura ikusteko aukera ematen du, eta aldi berean, haren kanpoaldea zuzenean gozatzekoa. Erakusketak museoaren bisita aberasten du eta historian hain ezaguna den kapitulu honen dibulgazioan sakontzen du”, erantsi dute Albaolakoek.
Ohiko ordutegian bisitatu ahalko da erakusketa berria: astearte eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara, eta asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.