17. logela ihes-gelarako txanda har daiteke astelehenetik aurrera
'Euskaraz Barra-Barra' kanpainaren ihes-gela ibiltariak geldialdia egingo du Oiartzunen, otsailaren 9tik 11ra. Erreserbatu egin beharko da.
Euskaraz Barra-Barra kanpainaren barruan, ihes-gela mugikor herriz herri ari da mugitzen. 17. logela du izena, eta hiru egunez Done Eztebe plazan egongo da, otsailaren 9tik 11ra.
Euskara sustatzeko “modu dibertigarria” da ihes-gela. Honakoa da jolasaren premisa: “Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko”.
Parte-hartzaileek 40 minutu izango dituzte erronkak bete eta ihes-gelatik ateratzeko.
Erreserbak, etzitik aurrera
Jakinarazi dutenez, hogei txanda egongo dira Oiartzunen. Saio bakoitzean gehienez bost lagunek hartu dezakete parte.
Doakoa izango da eta 16 urtetik gorakoa den eta euskara ulertu edo hitz egiteko gai den edonor animatu daiteke. Gurpildun aulkia behar dutenek ere irisgarritasuna bermatuta izango dutela iragarri dute.
Etzi —astelehena, hilak 15— irekiko dute erreserbak egiteko epea, Euskaraz Barra Barra-ren webgunean.