Bizikidetza hobetzeko gakoak Antonio Chamorroren eskutik
Hilaren 24an, asteazkena, emango du hitzaldia gizarte hezitzaile eta pedagogoak Reina aretoan, 18:00etan hasita.
Ez da nahikoa haiek maitatzea. Goiburu horrekin hitzaldia emango du Antonio Chamorro gizarte hezitzaile, pedagogo, formatzaile eta hizlariak. Adingabeen hezitzaile erreferenteetako bat da Andaluzian Chamorro. Etxe zein ikasgeletako bizikidetza hobetzeko gako diren heziketa tresnak mahai gainean jarriko ditu.
Hitzaldia Abako Kosturaterapia elkarteak sustatu du. Elkarte horrek joskintzak sendatzeko duen gaitasuna ikusaraztea du helburu, baita gizarte eraldaketarako joskintza erabiltzea proposatu ere bizitza duina eta zaintza erdigunean jartzeko. Elkarte horrek, bestalde, Arakne Lab laborategi kultural eta sozio hezitzailea ere sustatu du: “Justizia soziala eta bakera bideratutako ekintzak kudeatzen ditu laborategi horrek arte kolaboratiboaren bidez. 100 kolaboratzailetik gorako sarea ehundu dugu dagoeneko”.
Chamorroren hitzaldia, familiei, tutoreei eta hezitzaileei zuzenduta dago. Hilaren 24an izango da Reina aretoan, 18:00etan.