'Intxaurrak', igandean antzerkiarekin gozatzeko
Lesakako Mairu antzerki taldearen lana ekarriko du Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak. Sarrerak salgai daude.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen ikasturteak aurrera jarraitzen du, eta datorren igandean —hilak 21— izango da 2024. urteko lehenengo antzezlana.
Lesakako Mairu taldeak Intxaurra antzezlana taularatuko du Landetxen, 19:00etan hasita. Sarrerak salgai daude, online, 8 euroko prezioan.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMAren) Arnasguneak izeneko beka jaso zuten 2021ean. Gaizka Sarasolak idatzi zuen testua, eta aktore lanak egiten ditu (ikus fitxa teknikoan).
Sinopsia
Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.
Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan.
Fitxa teknikoa
- Zuzendaritza: MAIRU (Manex Fuchs-en laguntzarekin).
- Testua: Gaizka Sarasola.
- Antzezleak: Josune Etxepare, Ainara Ribera, Ritxi Abril, Iban Garro, Juanen Saralegi, Gaizka Sarasola.
- Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
- Soinu diseinua: Ibai Gogortza.
- Musika: Ibai Gogortza eta Gaizka Sarasola.
- Atrezzo eta eszenografia: Adrian Labadie eta Eduardo Conde.
- Jantziak: Marodi Sorkuntzak.
- Kartela: Garazi Conde.
- Argazkiak: Gotzone Rekondo.