Argiztapen adimenduneko sistema berri bat izango du Pasaiako portuak
Portura sartzeko eta portutik ateratzeko gaueko jardunean "itsas segurtasuna indartu" nahi dute sistema berri honekin. Lanak 24 astez luzatuko dituzte.
Pasaiako Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez, Pasaiako badiara sartzeko kanalean argiztapen sistema berri bat instalatuko dute. Gaur bertan hasi dituzte obra horiek, eta 24 asteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.
Lan hauekin, portura sartzeko eta portutik ateratzeko gaueko jardunean “itsas segurtasuna indartu” nahi dutela diote agintaritzako iturriek. San Pedro eta Donibane artean igarotzen den sarbide kanalaren puntu estrategikoetan ezarriko dute sistema berria. Argi adimendunetan oinarritutako sistema izango da, itsasontziak kanaletik igarotzean urrunetik kontrolatu ahal izateko. Zehazki, San Pedron itsas gorabeherekiko erresistenteak diren argiak jarriko dituzte hormaren oinean, “itsasotik gertu dagoen inguruneko baldintzetara egokitutako argiztapen eraginkor eta iraunkorra bermatzeko berariaz diseinatuak”
Electronica del Urumea SL, Vareser 96 SL eta Electronica Monrabal SLU enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu diote jarduera. Pasaiako Portuko Agintaritzak 620.283,60 euroko inbertsioa egingo du.
“Gaueko argitasun baxuak erronka nabarmenak ditu Pasaiako portura sartzeko eta irteteko maniobretan. Argi berriak egoera hori konpontzeko funtsezko konponbidea dira, ikuspena hobetuz eta baldintza horietan jarduten duten praktikoei malgutasun eta kontrol handiagoa emanez”, erantsi dute agintaritzako iturriek.