LAB: "Patronalari ez zaio araudia betearazten, eta bizitzarekin ordaintzen dugu"
Samina eta elkartasuna adierazi die LAB sindikatuak hildako langilearen senide, lankide eta lagunei.
LAB sindikatuak gogor salatu du gaur goizean Errenteria-Oreretan izandako lan istripua. Haren ondorioz, langile bat hil da; urtea hasi denetik Euskal Herrian, beharrean hil den zazpigarrena. Altzaten egiten ari diren etxebizitza eraikin batean lanean ari zela laugarren solairutik erori da langilea. Prentsa ohar bidez, lehenik eta behin, samina eta elkartasuna adierazi die sindikatu abertzaleak hildako langilearen senide, lankide eta lagunei. Hildako langilea, obretako segurtasun elementuak ipintzen dituen enpresa bateko langilea zen.
Sindikatuak azaldu duenez, jaso dituen lehen datuen arabera, obrako azken solairuko behin behineko segurtasuneko sarea manipulatzen ari zela erori da, “bistan da, langileak ez zeramala segurtasun arnesik eta bitarteko sokarik balizko erorikoen aurrean. Behin eta berriro salatu dugu obretako araudi berezia ez duela betetzen patronalak eta uneoro fase bakoitza ikuskatu behar duten prebentzio teknikariak ez direla obran egoten”.
Bereziki larritzat jo du gainera LABek, altueretako lan edo prozesu baten “kontrolik edo errekurtso prebentiborik ez egotea” araudiak hala eskatzen badu ere: “Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea”.
Datu bat ere eman du, istripu hilgarrietan lehenengo postuan dela eraikuntza, “Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta honen emaitza agerikoa da, bizitzarekin ordaintzen dugularik”.
Eraikuntzaren sektoreko lan baldintza “txarrak” salatu ditu LABek, “lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio baliabiderik eza… Prekarietatea esplotazio modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku faktorea ere bada”.
Prekarietateari aterabidea emateko langileen presioa eta mobilizazioak direla gakoa erantsi du, “langileon presiotik eta mobilizaziotik etorriko da konponbidea. Gure bizitza jokoan dago”. Urtea hasi denetik, hemezortzi egun baino ez direnean pasa, zazpi langile hil dira lan istripuz, eta bi dira erorketetan hildakoak.
Bukatzeko, astelehenean LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNEk deitutako elkarretaratzearekin bat egitera deitu dituzte herritar guztiak. 11:30ean izango da Altamirako biribilgunean.