«Bertsolaritzari Letek egin zion ekarpena brutala da»
Jon Martin Etxebestek 'Xabier Lete: bertsorik sakonena' liburua argitaratu du. Leteren obra sakon aztertzen du, batez ere bertsolaritzaren ikuspegitik.
Leteren bizitza eta obra aztertu ditu Martinek Xabier Lete. Bertsorik sakonena liburuan. Izenburuak esaten duen moduan, bertsolaritzarekin zuen lotura izan da nagusiki jorratu duena.
Liburua Leteri buruzko biografia batekin hasten da, baina lehenengo kolpea bertso argitaragabeak dira, familiari buruzkoak, Arantxa haren arrebak kantatutakoak. Intentzio adierazpena da?
Bai. Batetik, bertsoari buruzko liburu batean, bere familiaren jatorria kokatzen duen bertsoekin hastea guztiz pertinente eta koherentea zen.
Tesian ere halaxe egin nuen; pertsona bat ezagutzeko bere ingurunea —eta senideak, batez ere— ezagutzea garrantzitsua da. Altxor txiki hori eman zidan Arantxak. Tesi bat egiten aritu naiz Leteri buruz, eta hori liburu batera eraman beharra zegoen; zalantzak eduki ditut zein neurritan izan akademiko, eta azkenean horrela atera da.
«Seguru aski, guk ezagutzen ez ditugun Lete asko ere badaude»
Lekuonatarren etxean ikasi zuen Letek, haien ama Tiburtxi Berasategiren sukaldean elikatu zen Leteren jakinduria.
Ahozkotasuna oso maskulinotzat jotzen den arren, emakume askok egin dute transmisio hori. Liburura eraman dutenak gizonak dira, eta haien egiletza aitortua da.
Paradoxikoa da, baina iraun badute da emakumeek kantatu eta transmititu dutelako. Ez da figura aitortua, baina uste dut jakin behar dela Tiburtxi eta bera bezalako amona edo ama askori esker abesti zaharrek-eta iraun dutela. Xabier Lete sukalde hartan txundituta egoten zen.
Liburuan aipatzen da, behin baino gehiagotan, Lete saiatu zela ondarea berreskuratzen, baina, horrekin batera, molde zahar horiek garaikide ziren Europako manera berriekin uztartzen.
Ez Dok Amairu, gaur egun, ikusten dugu musika tradizional bezala, baina bere garairako oso haustaileak ziren. Lourdes Iriondo asko kritikatzen zen gitarra espainiarra jotzen zuelako; Beatlesen kantak modernoegiak ziren orduko euskal gizartearentzako.
Beraiek abangoardia bat ziren, modernitatea aldarrikatzen zutenak. Aldi berean, oso kontziente ziren frankismoa saiatu zela kate bat eteten, eta ahalegindu ziren berreskuratzen. Tendentzia modernoetara jotzen zuten, batez ere Mikel Laboak edo Joxanton Artzek, baina kanta zaharrak berreskuratu zituzten, eta horiek musikatu izanari esker ezagutzen ditugu letra horiek.
Diziplinarteko sortzailea zen Xabier Lete, baina gehiago zen ezaguna bere abestiengatik. Hala ere, Artzek esaten zion ez zuela ongi abesten, eta musikari profesionalengana jo izan zuen.
Bakoitzak motibo ezberdinengatik entzuten du musika. Nik letren kalitatearengatik entzuten dut; horrek baimentzen dit musika estilo oso ezberdinak entzutea, nagusiki dira kantautoreak edo raperoak, baina ez daukat arazorik metal talde bat entzuteko, baldin eta letrak onak badira. Ez Dok Amairun, berez, ez zegoen jende asko ongi kantatzen zuenik; kantautoreen kasuan, garrantzitsuagoa da zer esaten den edo zer transmititu nahi den.
Leteren kasuan, gutxitan aitortu zaio musikagile izaera, eta uste dut melodia oso ederrak egin zituela. Bakoitzak zein sinesgarritasun zuen ere garrantzitsua zen. Letek bere letrak kantatzen zituen, eta horrek ematen zion sinesgarritasuna. Beste autore batzuek ere badute dohain hori, besteen letrak kantatu arren.
Leteren arrakastaren adierazgarria da askotan pentsatzen dela bere kantak herrikoiak direla. Hori, aldi berean, kondena ere bada, ez baitzaio egiletza aitortzen. Euskal Herriko ereserki izan daitezkeen hiruzpalau kanta jende askok ez ditu Leterekin lotzen: Xalbadorren heriotzean, Izarren hautsa… Lorpena eta kondena da aldi berean.
Trantsizioa deitzen zaion garaian nekatu egin zela aipatzen da asko. Haren aurretik, bere letrak sozialagoak ziren, eta ondoren, mistikoagoak. Zenbat Lete aurkitu dituzu?
Lete asko daude. Letragile bezala, gutxienez bi, oso markatuak. Gizon arruntaren koplak, adibidez, oso dadaista da, eta ez dakigu zer konta nahi digun, kantatzeaz gain ez du beste helbururik; umoretsua da, eta bertso metrikan idatzita dago.
Beste Lete da literaturatik datorrena, mezuak musikara eramaten dituena, beste hedapen bat izan dezaten: Nik sinisten dut, Herri zahar hontan… Oso poetikoak dira. Izarren hautsa oso anbiziotsua da, gizakiaren zentzu eta existentziaz ari da. Horien tarteko batzuk ere badaude; Teologia, Ideologia-n bertsoaren gustu eta umorea dago, baina —aldi berean— marxismoari kritika gogorra egiten dio. Edo Negu hurbila-n bada bertso doinua, baina baita heriotza edo tonu tragiko hori ere.
Kantuetatik harago, Xabier Lete gehiago izango genituzke: erlijioari lotutako Lete; gaztetako Xabier teatrero hori, animalia bihurtzen zena oholtzan; Lete politiko edo intelektuala, alderdi batera gehiegi lerratuta egon gabe; kazetari ere izan zen… Mordoxka bat daude; seguru aski, guk ezagutzen ez ditugun asko ere badaudela.
Liburuaren erdia bertsoarekiko zuen harremana aztertzeko erabili duzu. Oiartzun herri bertsozalea zen Lete gazte zenean. Bertatik asko arnastu zuen eta gero bere obran islatu zen, ezta?
Ez dakit helburua ala ondorioa zen. Oiartzun, garai hartan, bertsoaren epizentroetako bat zen: Uztapide, Kosme Lizaso, Mitxelena… Saio potenteak egiten ziren, eta Letek gogoratzen zuen nola miresten zituen bertsolari haiek. Jon Lopategi zenak esaten zuenez, Letek benetan, bertsolari izan nahi zuen.
Gaur egunean, bere izakerarekin, bertso-plazan asko aportatuko luke: kritikoa, polarizatua, tragedia, poesia-maila, umorea… Oso konpletoa zela iruditzen zait, baina urduritasuna kudeatu egin behar da, eta osasun aldetik ezingo zukeen tentsio-maila hori mantendu.
Bertsoa arnastu zuen, baina berak ere haize berriak eraman zituen bertsolaritzara: Leteren 41 doinu daude erregistratuta Xenpelar Dokumentazio Zentroan.
Kopuruak baino, kalitateak du garrantzia. Doinurik erabilienetako batzuk dira Leterenak. Hori, ahaztu gabe, gizonezko bertsolariei buruzko antologia bat egin eta grabatuta utzi zuela. Letek bertsolaritzari egin zion ekarpena brutala da.
Leteren ekarpen handienak dira, batetik, zortziko handiko —nagusiki— kalitate goreneko bertsoak egitea, gutxiren esku egon direnak: Neguaren zain, Haizea dator ifarraldetik, Teologia, ideologia… Gaur jende gehiagoren esku dago maila hori; orduan, ez.
«Gaur egun, bere izakerarekin, bertso-plazan asko aportatuko luke Xabier Letek»
Bestetik, estandar berri bat sortu zuen, bertsolaritzan gauza kultuak egin daitezkeela dioena. Estandar berri horiek gero kopiatu edo imitatu daitezke. Gustuko dudan bertso-estilo baterako bidea berak ireki zuen. Zenbat doinu, zenbat metrika berritzaile izan ziren. Habanera izan zen, bereziki.
10-8 metrika, erdian hemistikioa —bost eta bost zatitzen da— duena, utzi zuen, eta horrek askatasun berriak eman zizkion bertsolariari. Esploratzen dute zenbait bertsolarik, 1990eko hamarkadan, eta garai hartan zortzi oin zituen bertso bat egitea basakeria zen, eta ausardia tekniko bezala, publikoa txoratzen zuen. Gaur egun jende gehiagok egiten du.
Hain garrantzitsua izanda, asperdura punttu bat eragin zuen. Orain, estiloko beste doinu batzuk sortu dira. Ez dira Habanera, bide handiagoa egin dezakete, baina Habanera-rik gabe ez lirateke existituko. Bertsolari batzuen azertua eta ausardia ere badago.
Liburuan ikus daitezke nola xehatu dituzun bertso asko: errimak, metrika, gaiak… Sakonki ikertu dituzu Leteren kantuak. Zein ondorio orokor atera dituzu?
Nagusietako bat da Leteren abestien gehiengoa bertsolaritzaren metrikaz zipriztinduta dagoela. Ez dakit naturala edo hautu kontziente bat izan zen, baina joera izan zuen 7-6 10-8 silaba kopuru hori erabiltzeko.
Errimatzeko joera ere badu, baina ez da batere obsesiboa. Bere buruari baimena ematen dio akats batzuk egiteko; gustatzen zitzaion ahozkoak ziruditen testuak egitea. Irakurri zituen bertso kopuruarengatik, akatsak ez zaizkio hain mingarri egiten. Euskaltzain batek ez luke barkatuko… Kontuan hartu behar da bere garai historikoan euskara ez zegoela estandarizatua, eta beraiek ez zeudela alfabetatuta.
Ezagutzen zituen bertsolaritzako arauak, eta batzuek perfekziora eraman zituen. Beste batzuetan, i errimatzen du, eta kito. Beste abesti batean, lehenengo estrofan errima egiten du, baina bigarrenean ez hainbeste. Gustura asko galdetuko nizkioke zergatiak… Suposatzen dut izango zela kanta bat estreinatzeko gogoagatik horrela utziko zuela. Grabatu eta mantendu egiten zen, entzuleentzako sakrilegioa baita aldatzea.
2006an bere abestiak argitaratzeko ahalegina egin zen, eta han azkeneko bertsioa emango zuela suposatzen da. Norabidea guztiz aldatu nahi izaten du batzuetan; damutu egiten da gazte garaiko ikuskerez, batzuetan, eta esanahi berria eman nahi die kanta zaharrei. Kanten bizitza propioa ere interesgarria da; zuk, autore bezala, galtzen duzu kanta horri esanahia aldatzeko autoritatea, herriak eman baitio esanahi bat, zu ez zara inor herriari kontra egiteko. Kanta batean baino gehiagotan gertatu zaio ideologia politiko ezberdinetako proiektuek nola erabili dituzten hitz berberak. Hori ere paradoxikoa da. Zentsurak behartu egin zituen ez esplizitatzera, eta horrek kantak erabilgarri egiten dizkie ideologia oso ezberdinetako pertsonei.
«Ideologia politiko ezberdinek erabili dituzte bere hitzak»
Txirritarekin erkaketa zabala egiten duzu.
Gizartean badago joera bat beti onena aukeratu behar dela, eta Txirrita izan zen onena, horregatik da ikertuena. Juan Garziak badu liburu bat, biziki gomendatzen dudana, Txirritaren baratzea izenekoa. Metodologia bat sortzen du, Txirritaren bertsokeraren aldetik. Orain Leterena egina dago, eta interesgarria izango litzateke alderaketa gehiago egitea.
Oiartzunen profeta izan al da Lete?
Ez. Politikoki, pertsona kontrobertitua zen, eta talkaren bat izan zuen. Bestalde, esango nuke pertsona oso-oso maitatua dela Oiartzunen, paradoxikoki. Gaur egun, bere memoria lantzeko gogoarekin dagoen jende asko dago. Inor ez da profeta bere herrian, eta errekonozimenduak, batzuetan, berandu iristen dira. Nire ustez, ez da beranduegi. Hori bai, berari buruzko tesi bat egin dut, eta sentsibilizatuago nago gaiarekin.
Ez nuen bere garai politiko intentsuena bizi, eta ez naiz epaitzeko gai. Berak egin zuen intelektual bati eskatzen zaiona: bere pentsamendua defendatu popularra ez den momentu eta toki batean. Uste dut lorpen handia dela hori. Beste artista askok nahiago izan dute anbiguotasunera jokatu, eta kostu politiko txikiagoa ordaindu.